Luisa Ibarrola sekulako denboraldia betetzen ari da eta atzo Lezamako Ziklokrosean eskuratutako garaipena horren adierazle da.
Saratxoarrak 40 minutu eta 47 segundo behar izan zituen ibilbide labainkor eta gogorra bukatzeko. Izan ere, euriek lupetzez bete zuten zirkuitua eta tarte batzuetan bizikletatik jaitsi behar izan ziren txirrindulariak aurrera egiteko.
Edonola ere, horrek ez zuen eragin handirik izan, antza, Luisa Ibarrolan. Gaztea onena izan zen bere kategorian -Junior- zein adin gehiagokoan -Elite-. Berez, Elite mailako lehenengoa Ibarrola baino 43 segundo beranduago sartu zen eta Junior mailako hurrengoak 2 minutu eta 26 segundo gehiago behar izan zituen.
Hainbat garaipen
Lezamako garaipenari gehitu behar zaizkio Legazpin, Urduñan, Beasainen, Fresno de Rodillan edota Medina de Pomarren erdietsitakoak.
Horrez gain, Espainiako Kopan 2. postua eskuratu du Elorrion eta Laudion. Hori dela medio, Sub-23 kategoriako sailkapenean burua da, nahiz eta Junior den bere adinagatik.