Iragan irailaren 14an Nerboi Ibaian gertatutako isurketa batek 8.600 arrain baino gehiago hil zituen, bai eta inguruko ekosistemak kaltetu ere. Orain Amurriok isurketak salatuz mozioa aurkeztu zuen eta ahobetez onartua izan zen azaroko Udal Osoko Bilkuran.
Aurkeztutako mozioan Orain Amurriok gogor salatzen du URA agentziak eta Arabako Foru Aldundiak iraileko isurketek eragindako ur-kutsaduraren gainean egindako ikerketek fruiturik eman ez izana. Sinesgaitzat jotzen dute ikerketan murgildutako erakundeek kutsaduraren erantzuleak aurkitzeko baliabideak ez izatea.
Besteak beste, Orain Amurriok araztegi baten beharra nabarmendu du, irailaren 14an bizitako egoera lazgarriak errepìkatu ez daitezen hartu beharreko neurri bezala.
Ikerketen kopiak eskatuko ditu tokiko erakundeak
Horren aurrean Amurrioko Udalak hainbat neurri hartzea ebatzi du. Alde batetik, ikerketa guztien kopiak jasotzea exijituko die bertan inplikatutako erakundeei. Ikerketaren emaitzen aurrean, Udala akzio-herritar gisa azalduko da martxan jarritako prozesu penaletan.