Goi Nerbioi Bizirik plataformaren jarduerak, Amurrion jazotako isurketaren ondorioz, mugimendua sortu du erakunde eta alderdien artean. Izan ere, URA agentziaren lehenengo erantzuna plataformaren kexen harira plataforma bera salatzeko iradokizuna izan bazen ere, bestelako mezuak ere zabaldu ditu.
Horrela, URAk proposatu du uren tratamenduen eredu aldaketa. Hasteko, gogoratu dio Espainiako Gobernuari berari dagokiola Markixanako eta Basaurbeko araztegiak egiteko lanak abiatzea. Gaur gaurkoz, EAEn urak arazten ez dituzten bi herrigunerik handienak dira Laudio eta Amurrio.
Horrez gain, agentziak ziurtatu du Goi Nerbioin -bereziki Amurrion eta Laudion- beharra dagoela neurriak hartzeko etxeko eta industriako isurketak ekiditeko eta kontrolatzeko, zerbitzua udalen artean bateratuta, besteak beste.
Isurketak Laudion
Laudioko Udalak, bere aldetik, ziurtatu du Basaurbeko obrak ahalbidetzeko abangoardian dagoela eta kudeaketa lanak egin dituela zentzu horretan.
Horrez gain, tokiko erakundea zenbait etxebizitzetako jabeekin harremanetan jarri behar izan da isurketak saihesteko. Duela hilabete batzuk Aldaikorrekako saneamendua gauzatu arren, usain txarrek jarraitzen zuten eta, antza, horren ardura zenbait bizilagunena zen, euren ur beltzak ibaira bideratzen baitzituzten. Hori dela eta, Udalak exijitu die isurketekin bukatzeko.
Kontrol puntuak
Gainera, Arabako PPk ere Foru Aurrekontuetan zuzenketa egin nahi du Laudion Nerbioi ibaiaren egoera ekologikoa neurtzeko. Alderdiaren ustez, adierazlea bermatu behar da etengabe herrian isurketak ekiditeko.