Urteak daramatzazue azoka egiten, baina berrikuntzekin dator aurtengo edizioa.
Hala da, bai. Alde batetik, Gazte Alaiak taldeak jasoko du azokako enkantean biltzen den dirua. Beste aldetik, txerriaren zozketa berreskuratu dugu. Amurrio Aisia Eskaut Taldeko kideek hots egin ziguten, tradizio hori berreskuratu nahi zutela esanez, udako jarduera sozial batzuk antolatzeko dirua biltzeko.
Orain arte enkantean jarri dugu txerria, baina xarma galtzen joan da. Jende gutxi dago prest txerri oso bat erosteko, etxean espazio asko behar delako. Hori dela eta, begi onez ikusi genuen eskaut taldearen proposamena. Zozketaren txartelak salgai daude dagoeneko.
“Gasteizkoak albo batera utziko bagenitu, Arabako azokarik handiena izango litzateke Amurriokoa; 110 postu inguru ditu"
Bi berrikuntza horiek kenduta, gure helburua berdina izaten jarraituko du: tradizioa mantentzea. Apurka apurka galtzen joan dira herrietako ohitura zaharrak, eta udala ez da guztiak berreskuratzera heltzen. 9-10 urte daramagu azoka antolatzen, eta horretan dihardugu. Aurreko antolatzaileei hartu genien lekukoa, ikusi genuelako udalak ez ziola azokari jarraipenik emango.
Urteko lehen azoka handia da San Anton Armurukoa. Zerk egiten du berezi?
Gasteizkoak albo batera utziko bagenitu, Arabako azokarik handiena izango litzateke Amurriokoa; 110 postu inguru ditu. Aurten Vital fundazioak azpiegitura gutxiago emango dizkigu, baina aurreko urteetan bezain beste saltzaile egotea da gure helburua.
Urtarrilaren hasieran izateak ere egiten du feria berezi. Antzinako ohitura zen baserritarrak herrira jaistea elkarren arteko trukaketak egiteko. Hori ez da jada inon ematen, baina saiatzen gara aukera ematen eskualdeko ekoizleei euren produktuak saldu ditzaten.
“Jendeak bat egiten du enkantearen zergatiarekin eta ulertzen du nora doan bertan lortzen den dirua”
Hamarkada bat daramazue antolakuntzan. Zer nolako bilakaera izan du egitasmoak denbora-tarte horretan?
Oso balorazio positiboa egiten dugu. 15-20 pertsonako talde bat gaude antolakuntzan. Oso pozgarria da azokan dirua lortu eta behar dutenei eman ahal izatea. Jendeak bat egiten du enkantearen zergatiarekin eta ulertzen du nora doan bertan lortzen dena. Postua jartzen duten ekoizleei ez diegu dirurik eskatzen. 30 eurotan baloratutako produktu-sorta bat ematea eskatzen diegu, enkantean saltzeko gero. Hori da azokaren berezitasun nagusia. Batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago ematen digute, baina ez gara horregatik arduratzen.
Lehen jende nagusia bertaratzen zen batez ere, baina gaur egun gazte-koadrilak ere gerturatu eta enkantean sartzen dira. Handia eta anitza da parte hartzea. Badago loterik gabe etxeratzen den jendea, baina horietako batzuei opariren bat edo beste egiten diegu, parte hartzeagatik.
“Handia eta anitza da parte hartzea enkantean”
Zuk eta Imanol Arberasek dinamizatzen duzue enkantea.
Ikasi dugu ekimena egokitzen. Hasieran lote handiak prestatzen genituen, baina konturatu ginen jende guztiak ez duela 150 euro gastatzeko aukera. Horregatik hasi ginen produktu-sorta txikiak egiten, 30 eurokoak, modu horretan jende gehiagoren parte hartzea sustatzeko. Badaude baita ere lote handien bila doazen koadrilak... jende guztia asetzea da gure xedea. Jendea gustura dago ekimenarekin. Bi orduko enkantea egiten dugu, 20-25 lotekoa. Azoka amaituta saltzaile guztiengana joaten gara, eguna zer moduz joan den galdetzera, eta zoriondu egiten gaituzte.
Niri ez zait arraroa egiten enkantea dinamizatzea, azken 15 urteetan esatari lanak egiten aritu naizelako eskualdean. Baina jendearen aurrean zaudenean komertzial gisa gauza bat saldu nahian nabaritu egiten duzu giroa hasieran hotz dagoela. Gure lana izaten da jendea berotzea, ordu pare batean lote guztiak saldu ahal izateko.
“Badago ezer erosteko asmorik gabe gerturatu eta bi loterekin doan jendea”
Eta normalean lortzen duzue.
Bai. Badago ezer erosteko asmorik gabe gerturatu eta bi loterekin doan jendea. Ehuneko ehunak esaten digu ez zutela uste lote batean horrenbeste gauza sartzen zirenik. Modu horretan jendeak produktu-sorta oparoak eraman ditzake etxera azokan gauza bakoitzak banan-banan erosita kostatuko luketena baino gutxiago ordainduta.