Frantziako Nommay hirian jokatu zen asteburu honetan Ziklokros Munduko Kopa. Bertan egon zen duela gutxi Espainiako eta Euskadiko txapeldun izendatutako Luisa Ibarrola saratxoarra, Bizikleta.com taldearekin.
Ibarrolak 47. postua eskuratu zuen. Baina Mundu mailako lasterketa bat bukatzea lortu zuen arren ez da konforme agertu lortutako emaitzarekin: “Inpotentzia sortzen du aurreratuz zoazen lasterketariak erorketen ondorioz zu aurreratzen ikusteak”. Saratxoarrak argi dauka: “ezin zara une bakar batez erlaxatu, kontzentrazioa erabatekoa izan behar du kategoria hauetako lasterketetan”.
Holanda helmuga
Holandan du Luisa Ibarrolak mundu mailako hurrengo zita, Munduko Txapelketako azken lasterketan. Bizikleta.com taldeko zuzendari den Ernesto Garcia oso baikor agertu da Frantzian eskuratutako emaitzekin. Bere hitzetan, “Luisak irakaspen inportanteak atera ditu urteko erronka den Munduko Txapelketari begira, etxean ez bezala postu zailagoetatik abiatzea zer den ulertu du”.
Gauzak horrela, datorren asteburuan Holandako Hoogerheide hirian izango dira Luisa Ibarrola eta Bizikleta.com taldeko gainontzeko kideak Ziklokros Munduko txapelketan onena emateko prest.