"Soldatapeko lanaren krisialdia: ba al dago alternatiba sindikalik?" izango da solasaldiaren izenburua eta Mateo Valbuena 104 urteko pentsalari marxistak egingo du sarrera. Gero ELA, LAB, CCOO, UGT sindikatuek eta Ateneo Errepublikazaleko ordezkariek hartuko dute hitza.
Mateo Valbuena Leongoa da jatorriz. Asturiasen -1934ko iraultzan parte hartu zuen-, eta Bizkaian lan egin du, baina Lezaman bizi da aspaldi. Izan ere, Guda Zibilaren zati bat Aiaraldean bizi izan zuen. Leandro Carro batailoi komunistaren arduraduna zen eta San Pedro mendiko borroketan egon zen, besteak beste.
Iparraldeko fronteak porrot egin ostean, Errepublikaren kontrolpean zegoen eremura itzuli zen Valbuena, Frantziatik igaro eta gero. Frankismoak geroago atxilotu zuen eta 6 urtez egon zen espetxean. Horren ostean, akademia ireki zuen erretiroa hartu arte.
104 urte baditu ere, lezamarrak jarraitzen du jarduera kritiko eta intelektuala lantzen eta hainbat liburu idatzi du. Are gehiago, testu berria prestatzen ari da orain.