Aipamen berezia jaso du Amurrioko Udalak Euskadiko 2017ko Udalerri Jasangarrien Sariaren banaketan. Udalsarea 21 euskal udalerrien sareak sustatzen du sari-banaketa hori.
Udalaren “ikuspegi estrategiko integrala” nabarmendu dute aipamenean, baita “herrian jasangarritasun-politikak abiatzerako orduan izandako lidergoa” ere.
Azpimarratu dutenez, tokiko erakundea aitzindaria izan da jasangarritasuna bere politiketan irizpidetzat jotzen.
Hori ez da Amurrioko Udalak jaso duen lehen saria. Azaroan beste aitortza bat jaso zuen %100 jasangarria den papera erabiltzeagatik.

Gasteiz garaile
Tolosa, Legazpi eta Durangoko udalek ere jaso dute aipamen berezia. Sari nagusia, aldiz, Gasteizek jaso du, “jasangarritasunaren inguruko ikuspegi estrategikoa duen administrazio publikoa izateagatik, bere politikak zeharkakotasunez eta modu koordinatuan gauzatzeko duen ahalmen handiagatik, eta herritarrak politika horien ezinbesteko alderdi gisa inplikatzeagatik”.