“Oso zorte ona izan dut, sortzaile gisa egiten baitut lan”

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mar. 16a, 07:00

La Casonan dago ikusgai Irune Izerren erakusketa. / Aiaraldea.eus

IRUNE IZQUIERDO EREÑO (Amurrio, 1988) diseinatzaile grafikoa da. Oraintsu estreinatu du “artea aisialdian” erakusketa Amurrion, La Casonan. 

Nor da Irune Izquierdo?
Nire ibilbidea beti egon da zuzenduta diseinu grafikora, baina tartetxoetan marrazteko eta margotzeko astia ere ateratzen saiatzen naiz. Gaur egun Donostian nabil lanean, diseinatzaile grafiko bezala Elkar argitaletxean.

Eta Irune Izer?
Irune Izer bezala sinatzen ditut lanak, nire proiektu artistiko pertsonaletan. Izer, berez, nire bi abizenen batura da (Izquierdo eta Ereño).

Neure buruari goitizen hori jarri nionean bi alderdi ezberdindu nahi izan nituen: mundu laborala eta pertsonala. Uste dut, era horretan, eremu ezberdin bat zabaltzen dudala nire bizitzan, esparru bat nire zaletasun artistikoa erakusteko.

Erakusketa inauguratu berri duzu Amurrion. Zertan datza? Zer nolako lanak topatuko ditu ikusleak bertan?
Erakusketa honetan nire aisialdian egiten ditudan artelanak daude ikusgai. Denetatik aurki dezakezue bertan, hala nola, akuarelak, ilustrazioak edota artelan digitalak.

Zer eragin nahi duzu ikuslearengan?
Egia esan, nire asmoa jendearengana hurbiltzea da, etxean gordeta eduki beharrean, egiten dudana kalera ateratzea eta erakustea. Erakusketa honetan ikus daitekeenez, ez dago hari bakarra. Era askotako lanak daude, ezberdinak bai teknika aldetik, eta baita gaiari dagokionean ere.

 

"Nire burua zerbaitzat hartuko banu, diseinatzailetzat izango litzateke"

 

Zaila da artista izatea? Zer nolako erraztasunak dituzue? Eta zailtasunak?
Egia esan neure burua artista baino diseinatzaile grafiko bezala ikusten dut. Arte ederrak egin nituen, eta bertan diseinuaren ildoa jarraitu nuen. Orduz geroztik beti izan dut argi zein zen nire helburua, eta horregatik neure burua zerbaitzat hartuko banu, diseinatzailetzat izango litzateke. Arteak zein diseinuak irudiak lantzen dituzte, baina era desberdin batean. Oso zaila da arte munduan izena izatea, eta hori dela eta, gehienek, urteak pasa ahala, denbora-pasa bezala lantzen dute, nik kasu.

Zein da artista gisa egin duzun lanik bereziena?
Egiten ditudan artelan guztiek daukate zer edo zer berezia, bai teknikan edo plasmatzen dudan irudian. Ezingo nuke lanen bat konkretuki nabarmendu.

Eta sortzaile gisa zure ametsa?
Egia esateko, oso zorte ona izan dut, sortzaile gisa egiten baitut lan. Egunero sortzeko aukera hori mantentzea izango litzateke nire ametsa.

 

"Egiten ditudan artelan guztiek daukate zer edo zer berezia, bai teknikan edo plasmatzen dudan irudian"

 

Galeriak atontzeko nahikoa gune al daude?
Nire ustez artea erakusteko aukera mordoa daude gure inguruan. Nik Amurrion, “La casona” eraikinean egin nuen aspaldi erakusketa bat, eta harrera izugarria izan zuen. Oraingoan, “Nagusi” tabernan daude ikusgai nire bildumak. Urduñako “Marrazki” tabernan ere egin izan nuen beste erakusketa bat. Bilbon edo Gasteizen aukera gehiago daude, noski, baina Aiaraldean ere, apur bat mugituz gero, bada non erakutsi lantzen duzun hori.

Fraileburu lamina bihurtu duzu. Aiaraldeak ba al du eraginik zure lanetan?
Bai, noski. Suposatzen dut artista guztiek edo gehienek sorterria barnean daramatela. Nire kasuan, mendia txikitatik izan da harritu nauen zerbait, gurasoekin mendian gora eta behera ibili bainaiz ia astebururo. Bilbon, Gasteizen eta Donostian bizi izan naiz urte asko, baina Aiaraldera bueltatzen naizen bakoitzean, disfrutatu egiten dut paisai hauek ikusten, sentitzen eta kasu honetan, marrazten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide