Saratxo Biziriken proiektu tekniko alternatiboak "Los Mesones" auzuneko lurralde okupazioa %70 murriztuko luke

Erredakzioa 2018ko mar. 27a, 13:41

Saratxo Bizirik plataformako kideek atzo jakinarazi zuten Isvial enpresaren proiektu tekniko alternatiboak bidali dizkiotela Arabako Foru Aldundiari eta Amurrioko Udalari. Egitasmoek lurralde okupazio gutxiago behar dute, arauak betetzen dituzte eta merkeagoak dira.

Saratxo Bizirik plataformako kideek Administrazio Batzarraren egoitzan eskaini zuten atzo prentsaurrekoa jakinarazteko proiektu tekniko alternatiboak prestatu dituztela Isvial enpresarekin.

Ingeniariek 3 balizko egitasmo landu dituzte glorieta bakarra ardatz hartuta eta bide zerbitzu gutxiago eraikita, "Los Mesones" auzunean trafikoa bideratzeko. Plataformako kideek ziurtatu dute eurek ere uste dutela bertan esku hartzea beharrezkoa dela, baina hasierako lurralde okupazio maila murriztuta.

Zentzu horretan, euren proposamenek lursail askoz gutxiago hartuko lukete. Arabako Foru Aldundiaren egungo ideia da bertan 78.651 metro karratu okupatzea. Saratxo Biziriken asmoa da, ordea, gehienez 26.951 metro karratu erabiltzea. Guztira, hiru aukera osatu dituzte eta xumeenak 22.093 metro karratu baliatuko lituzke.

Aukera zentzudunagoa
Plataformako bozeramaileek azaldu dute proiektua ez litzatekeela atzeratuko ekarpen horiekin. Izan ere, konponbide merkeagoa da, eta proiektu osoari ez dio eragiten; soilik hegoaldeko loturari.

Euren ustez, zentzu gehiago dauka gastua murrizteak, eta diru hori bideratzea industriaguneko sarreren segurtasuna hobetzera: "bertan gertatu dira istripu larrienak".

Jarrera eraikitzailea
Saratxo Bizirikek adierazi du erakundeek beti izan dutela ezeko erantzuna aldaketa teknikoen proposamenei dagokienez, argudiatuta ezin zela arauen ondorioz. Hori dela eta, Isvial enpresari eskatu diote legezkoa den proiektua gauzatzea.

Horretarako Orain Arabaren laguntza izan dute, talde horrek ordaindu baitu txostena. Saratxo Bizirikeko kideek uste dute erakutsi dutela erakundeek gehiago egin dezaketela legea urratu gabe. Horrez gain, ingeniarien lana ikusita, plataforma osatzen dutenen aburuz, proiektua beste modu batean egiteko aukera zegoen, etxeak eraitsi gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide