ASVIAMIE elkarteak zabaldu du epaia eta salatu du langileak galdategian betetzen zituela bere eginkizunak inolako segurtasun eta higiene neurririk gabe, Lan Ikuskaritzak berretsi zuen moduan. Jose Ignacio G. A. egoera horretan egon zen 1976tik 1983ra bitartean.
2007an lanerako ezintasun iraunkor arrunta eman zioten beharginari, nahiz eta amiantoa topatu zuten bere pleuran. 2011n birikietako adenokartzinoma diagnostikatu zioten eta, horregatik, lanerako erabateko ezintasuna kudeatzen hasi zen. Hurrengo urtean hil zen.
Gizarte Segurantzak aitortu zion lan gaixotasuna eta baita alargun pentsioa ere bere emazteari, baina Tubos Reunidos enpresak helegitea jarri zion erabakiari. Hala eta guztiz ere, Epaitegi Gorenak, hainbat epaitegiren artean, berretsi zuen zigorra.
Kalte ordaina erdira murriztu dute langileak erretzen zuelako
Edonola ere, ASVIAMIEk epaiaren oso balorazio kritikoa egin du. Izan ere, elkarteak azaldu du enpresak hainbat aitzakia jarri duela dagokion kalte ordainari aurre ez egiteko. Argudio horien artean zegoen langilea erretzailea zela.
Berez, senideek 143.038,81 euroko zigorra eskatu zuten enpresarentzat, eta epaileak erdira murriztu du, aintzat hartuta beharginak erretzeko ohitura zuela.
ASVIAMIEren aburuz, arrazoi horiek aintzat hartzea adar jotze hutsa da, enpresak ez baitzuen inolako segurtasun neurririk hartu urte luzez. Zentzu horretan, nolabait, epaileak langilea ere bere gaixotasunaren arduradun egin duela uste du elkarteak.