"Saratxoko errepideko zatirik arriskutsuena industria poligonoan dago"

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 11a, 06:50
Amurrioko Udalean azaldu zuten osatutako txostena. / Aiaraldea.eus

CONCHI GARRIDO (Almería) bide ingeniaria eta doktorea da, baita bide segurtasunean aditua. JUAN JOSE MARTINEZek (Almería) garraio eta hirigintza planifikazioan lan egin du denbora luzez. Orain ISVIAL enpresan aritzen dira eta Saratxoko errepidearen proiektu alternatiboa osatu dute. Eskualdean egon dira bere txostenaren nondik norakoak azaltzeko.

Zertan da ezberdina zuen proiektua, Arabako Foru Aldundikoarekin alderatuta?

Martinez: Lehenik eta behin, azaldu behar da saihesbidearen eraikuntza korapilatu zela aspaldi, eta Amurrioko Udalak eta Arabako Batzar Nagusiek eskaera egin ziotela Foru Aldundiari errotonda proiektua prestatzeko Amurrioko hegoaldeak Saratxorekin duen loturan.


"Gure lana izan da erakustea glorieta egitea posible dela"


Guk Saratxoko saihesbidearen proiektua aztertu dugu, eta arazoak ondo konpontzen baditu ere, biribilgunearen proposamena ez du jaso. Gure lana izan da erakustea posible dela glorieta hori egitea eta proiektua osatzea, aintzat har dezaten.

Ez dugu uste zuzena denik glorieta baztertzea. Gure eginkizuna izan da alternatiba prestatzea botere publikoek datu eta informazio guztia izan dezaten, aukera onena hautatzeko.

Zeintzuk dira errotonda horren onurak?

Garrido: Loturak ematen duen abantaila da abiadura handiagoa ahalbidetzen duela, eta industria poligonoan sartzeko sarrera errazagoa izango lukete Urduña edo Saratxotik joaten direnek. Glorietarekin norabide aldaketa egin beharko lukete kilometro bat gorago, hurrengo korapiloan.

 

"Glorietak eragin positiboa izango luke segurtasunean, lurren okupazioan eta ekonomian"


Glorietak, ordea, bestelako onurak ditu. Poligonoan abiadura murriztuko luke eta segurtasuna hobetu. Gainera, errotonda bat denez, irteerak eta konexioak interpretatzea errazagoa litzateke.

Horrez gain, kontuan hartu behar da glorieta eraikitzea askoz merkeagoa dela, lotura egitea baino. Horri gehitu behar zaio lurraldearen okupazioa txikiagoa izango litzatekeela eta hobeto integratuko dela azpiegitura ingurumenean.

Martinez: Kasu honetan, espazio askoz txikiago okupatuko lukeenez, aukera legoke Nerbioi ibaitik aldentzeko eta parke linealaren ibilbidea luzatzeko. Izan ere, desjabetzeak egin dituzte dagoeneko.

Lur okupazioaren eta diru murrizketaren kalkulurik egin duzue?

Garrido: Egungo proiektuak glorietak baino lur gehiago okupatuko luke, 5 edo 8 aldiz gehiago.

Martinez: Ekonomikoki ez dugu zehaztu, ez baitzen hori gure lana, baina argi dago loturak hainbat aldiz biderkatzen duela gastua. Glorieta askoz merkeagoa da.

Zuen lanaren zati bat izan da zenbait "mito" ezer ezean uztea, adibidez, istripu kopuruena.

Martinez: Hasteko, azaldu behar dugu herrian oposizioa zegoela saihesbidearen proiektuaren aurrean, inguruak ez kaltetzeko, eta nahiago zutela existitzen den errepidean lanak egitea. Gu ez gara ez bata ez bestearen alde kokatu, biak ulertzen baititugu.

Edonola ere, uste dugu aukera guztiak aztertu behar direla, eta horien arabera eta irizpide anitzak jasota, erabaki. Saratxoko saihesbidea egokia da, baina ideia bat desegin dugu; jendeak uste du Saratxoko ibilbidea oso arriskutsua dela.

Egia da A-625ko errepidearen ibilbidea eta Lekamañakoa batzen diren puntua okerrena dela, baina azken 5 urteetako istripu gehienak ez dira hor izan. Berez, jadanik konpondu diren errepideko zenbait tokik pilatzen dituzte ezbehar gehienak.

Horrek mahai gainean jartzen du toki bat arriskutsutzat jotzen denean -Saratxoko herrigunea, esaterako- gidaria motelago doala. Errepidea berritu denean eta ibilbidea ona denean, gidaria erlaxatzen da eta istripua izateko arriskua igotzen da jarrera horren ondorioz.


"Poligonoko zatia da arriskutsuena eta berehala egin beharra dago bertan"



Datuak bildu ditugu hori erakusteko eta, segurtasunari dagokionez, saihesbidea egokia bada ere, zerbait egin beharra dago poligonoaren inguruan, hori baita arriskutsua.

Neurri horiek, gainera, berehala hartu behar dira, batzuentzat ezerosoagoa izan arren.

Zer nolako harrera izan du zuen proiektuak?

Garrido: Lana egin dugu modu objektiboan, ikuspegi teknikoa baliatuta. Orain arte egon garen leku guztietan ondo hartu dute eta ulertu dute beste konponbide bat dela, bideragarria, gainera.

Zer gerta liteke hemendik aurrera? Hori ez dakigu. Erabakia politikoa da; udalean eta Arabako Foru Aldundian hartu beharrekoa. Ez dakigu zer gertatuko den.

Arabako Foru Aldundiak noizbait argudiatu du ez dela posible glorieta bat bertan egitea.

Garrido: Bai, guk irakurri dugu eta hainbat aldiz esan eta idatzi da hori. Kontu teknikoa da. Glorietak XX. mendearen hasieran sortu ziren. Arkitektoek sortu zituzten hirietan erabiltzeko, bestelako helburuekin.

Ez da ingeniarien asmakizuna, baina denboraren poderioz errepidetan baliatu da. Ibilbide oso motza du. Estatu espainiarrean Obra Publikoen Ministerioak zenbait iradokizun tekniko jaso zituen 1989. urtean, ez ziren derrigorrezkoak.

2016an arauak sortu dira, modu zorrotzean, eta konponbide arruntak dira glorietak.

Martinez: 2016tik aurrera onartu da glorietak direla elementurik onena istripuak ekiditeko, bereziki, bidegurutzetan. Gainera, zentzuzko prezioa dute eta era intuitiboan eraiki daitezke.

Oso berandu arautu denez glorieten legedia, ingeniari askok kontrako jarrera dute, ez baitute ikasi. Hala ere, DGTk lan handia egin du glorieten erabilpena zabaltzeko, erraza eta merkea baita trafikoa arazoak konpontzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide