Nerbioi Bizirik: "Erakundeen utzikeriaren ondorioz ez da epaiketarik egongo 8.000 arrain hil zituen isurketaren aurka"

Aitor Aspuru Saez 2018ko mai. 16a, 14:58

Nerbioi ibaian 8.000 arrain baino gehiago hil zituen isurketa batek iazko udan. / Aiaraldea.eus

Nerbioi Bizirik eta Zadorra Bizirik plataformek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Gasteizen, salatzeko bertan behera geratu dela epaiketa Amurrion 8.000 arrain baino gehiago hil zituen isurketaren kontra. Fiskaltzak zabaldu duenez, ez da gai izan zehazteko kutsatzailea eta, hortaz, prozedura artxibatuko da. Plataformek adierazi dute Amurrioko Udalaren, URA Agentziaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Ertzaintzaren errua dela.

Agerraldia egin dute gaur Nerbioi Bizirik eta Zadorra Bizirik plataformek Gasteizen, jakinarazteko Amurrion jazotako isurketaren aurkako epaiketak ez duela aurrera egingo.

Plataformen aburuz, zenbait erakunde publikoren errua da hori eta Arabako Fiskaltzaren txostena baliatu dute argudiaketa gisa. Aldi berean, aldarrikatu dute protokolo eraginkorra adostu behar dutela instituzio guztiek horrelako kasuen aurrean.

URA Agentzia eta SOS Deiak
Plataformek gogor salatu dute Amurriora hurbildu zen URA Agentziako ikerlariak ez zuela laginik hartu egun berean.

Bestalde, SOS Deiak, fiskaltzaren txostenaren arabera, ez zuen probarik jaso eta aipatu zuen arrain txikiak eta karramarroak besterik ez zirela hil, nahiz eta tamaina guztietako 8.000 arrain baino gehiago zendu ziren. Biei exijitu diete protokoloa adosteko, horrelako gertakariak errepikatu ez daitezen.

Amurrioko Udala
Fiskalak argudiatu du Saratxoko ibilbidean isurketa puntu bakarra dagoela, eta horregatik ezinezkoa dela jakitea nork kutsatu zuen ibaia. Horrez gain, plataformak adierazi du tokiko erakundeak ez zuela ikerketarik egin une horretan.

Hori dela eta, Udalari eskatu diote plataformek isurketak egiteko baimena duten enpresei banakako identifikazio sistema ezartzea, jakiteko zeinek botatzen duen zer ibaian.

Arabako Foru Aldundia
Plataformek azaldutakoaren arabera, Arabako Foru Aldundiak 6 egun izan behar zituen arrainak jasotzeko eta aztertzeko. Azkenik, laborategian ezin izan zuten asmatu zerk hil zituen.

Ertzaintza
Nerbioi Bizirikek eta Zadorra Bizirikek egotzi diote poliziari uko egitea birritan frogak jasotzeko eskakizunei. Zentzu horretan, plataformek aldarrikatu dute Ertzaintzak izan behar dituela ingurumena babesteko bitartekoak eta giza baliabide trebatuak, SEPRONAren antzekoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide