“Ondo pasatzeko ideiarekin sortu genuen Ilargiak taldea, musikan emakumeon partadeitza bultzatzeko asmoarekin”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 3a, 11:32

Miriam Bueso Anguita, Paula Barceló Balado eta Paula Barceló Baladok osatzen dute taldea. / Ilargiak

Ilargiak talde akustikoa sortu dute PAULA BARCELÓ BALADO, IDOIA BUESO ANGUITA eta MIRIAM BUESO ANGUITA gazte amurrioarrek. Proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Datorren ekainaren 9an Faktorian arituko dira, Aiaraldeko Emakumeen Topaketa Feministan.

Taldea gaztea da zuena. Nola sortu zen?

Betidanik egon gara jotzen hainbat taldetan, eta batzuetan elkarrekin jotzeko elkartu gara. Behin kontzertu baterako hiruroi deitu gintuzten, eta hortik aurrera deitzen hasi ziguten.

Taldea osatzea erabaki genuen, beraz. Berez, ondo pasatzeko ideiarekin sortu genuen, musikan emakumeon partaidetza bultzatzeko asmoarekin.

Zergatik Ilargiak izena?

Ilargiak gugan daukan indarra berebizikoa da. Emakumeon gidari eta zaindaritzat daukagu. Ez da bakarrik gauetan ikusten dugun hori, uneoro, nahiz eta ez ikusi, nonbait dago gure barneak astintzen. Horrexegatik gara ilargiak. Guztia astintzeko, indartzeko, eta, nola ez, orbita desberdina jarraitzeko.


“Guk bakarrik prestatutako lehenengo kontzertua izan zen greba feministakoa”

 

Greba feministan eskaini zenuten lehen kontzertua. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Izugarrizko kontzertua izan zen guretzat. Guk bakarrik prestatutako lehenengo kontzertua izan zen, eta izugarri pozten gaitu jendeak gurekin musikaz gozatzea horrelako ekintza batean!

Zer nolako abestiak jotzen dituzue? Zer topatu ahalko du zuen kontzertu batera doanak?

Denetarik jotzen dugu, talde ezagunen bertsioak egiten ditugu, estilo desberdinetakoak -abesti lasaiak, azkarrak...-. Horrez gain, guk egindakoak ere abestera animatu gara batzuetan.


“Denetarik jotzen dugu, talde ezagunen bertsioak egiten ditugu, estilo desberdinetakoak”


Zer nolako ibilbidea egin duzue orain arte? Zer nolako harrera izan duzue jendearen partetik?

Orain arte egin dugun ibilbidea oso motza izan da, 4-5 kontzertu egin baititugu, baina gogotsu gatoz. Izan ere, ekainerako hainbat kontzertu egiteko prest gaude. Jendea gugan izan duen konfiantza berebizikoa izan da, eta izugarri gustatu zaigu gurekin uneoro izandako jarrera.

Baduzue abesti propio gehiago sortzera salto egiteko asmoa?

Lehen esan dugun moduan, bai, abesti propioak ere baditugu. Eta aurrerago, taldearekin zerikusia duen abesti bat egin nahi dugu, Ilargiak izenarekin.

Zer proiektu dituzue etorkizunari begira?

Hasi berriak garenez, momentuz ez dugu proiektu askorik buruan. Hala ere, kamiseta propioak egiteko ideia daukagu, gure proiektua ezagutzera emateko xedearekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide