Prentsa-oharra plazaratu du Amurrioko EH Bilduk astelehenean onartutako udal-aurrekontuen harira. Talde politikokoko kideek positiboki baloratu dute aurrekontua, eurek proposatutako inbertsio plana barnebiltzen duelako. Hori da bozketan abstenitzeko jarri zuten baldintza. EH Bilduko zinegotzia den Iñaki Ibarluzeak azaldu du aurten estrategia aldatu egin dutela, emendakinak aurkeztetik negoziatzera pasa direlako. “Jarrera negoziatzaile horren ondorioz eta boto korrelazioak beharturik udal-gobernuak gure proposamenak onartzea erabaki du. Horregatik erraztu dugu aurrekontuen onarpena”.
Ibarluzeak gogorarazi du EAJk PPren botoak izan dituela orain arte aurrekontuak aurrera ateratzeko. “Gobernu dinamika hori bertan behera geratu da eta aurrekontuak ez onartzeko zorian egon dira”.
Hauek dira EH Bilduk proposatutako inbertsio planak barnebiltzen dituen proiektuak:
Inbertsioak
- Gasolindegiko biribilgunea: 300.000€
- Larraberentzako lokal soziala: 66.000€
- Landako eta Colsaren arteko igarobidea konpontzea: 62.000€
- San Rokeko saneamendua eta komunak jartzea: 47.000
- Lucas Reyko patioa: 45.000€
- Tokiko espezieen eta ziklo luzekoen landatzea: 45.000€
- Izarzako guardetxea eta bere ingurunea: 40.000€
- Asfaltatzeak: 40.000€
- Gizarte zerbitzu saileko bulegoen erreforma: 35.000€
- Landazuriko eguneko zentroaren aurreproiektua: 18.000€
- Enpresen hazitegia, interneteko konexioa berritzea: 12.000€
- Brigadarentzako sorgailu elektrikoa: 1.000€
Lortutako beste konpromiso batzuk:
- Mugikortasun Jasangarrirako Planaren gaurkotzea
- Herriko etxebizitzen egoerari buruzko ikerketa gauzatzea
- Ziklo laburreko landareen landatzea mugatzeko araua egitea
- Gizarte zerbitzuen berregokitzapena eta errefortzua
- Sarturen eta gazteei zuzendutako enplegu programetara diru gehiago bideratzea
- Euskara teknikaria jardun osoz aritzea
- Berdintasun teknikaria jardun osoz aritzeko lanpostua sortzea