Lau domina lortu ditu Artomaña Txakolina upategiak International Wine Awards nazioarteko lehiaketan. Urrezko domina bana eskuratu zituzten Eukeni 2017 eta Laira 2017 txakolinek eta zilarrezkoak, aldiz, Xarmant eta Fabian de Mariaka txakolinek.
Artomaña Txakolinako kideen arabera, 2579 ardo aurkeztu ziren lehiaketara. “768 izan dira sarituak, 189 ardo txuri guztira”. Upategiko kideak oso pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin, aurkeztu zituzten ardo guztiak saritu dituztelako. “Oso lagungarria suertatuko zaigu saltzerako orduan”. Nabarmendu dutenez, “Bikain” sailkapena jaso du aurten euren mahats uztak, “lortutako saria horren emaitza izan da”.
Bi sari Londresen
Horiek ez dira izan, gainera, Artomaña Txakolinak lortu dituen aitortza bakarrak. Brontzezko domina bat lortu dute Londreseko IWSC ardo lehiaketan. “Oso norgehiagoka prestigiotsua da hori”, azpimarratu dute.