Tubos Reunidosek langileen eskubideak murriztu nahi ditu Trumpen muga-zergen aurrean, LABen arabera

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 20a, 17:24

Proposatutako neurriak "langileen prekarietatean" sakondu egiten dutela salatu du LABek. / Aiaraldea.eus

Sindikatuak azaldu duenez, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat ezartzearen aukera jarri du zuzendaritzak mahai gainean, 21 hilabeteko epea izango lukeena, beste neurri batzuekin batera.

Prentsa-oharra plazaratu zuen LABek atzo Tubos Reunidosek Trumpen muga-zergei aurre egiteko aurkeztutako neurrien harira. Sindikatuaren arabera, “langileen eskubideak murrizteko ahalegina” egin du enpresaren zuzendaritzak. “Enegarrenez, zuzendaritzak enpresa-batzordeari eskatu zion bere betiko bidetik doazen neurri batzuk ontzat emateko, langileon prekarietatea handitzea suposatzen dutenak, hain zuzen ere”.

LABen arabera, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat ezartzearen aukera jarri du zuzendaritzak mahai gainean, 21 hilabeteko epea izango lukeena. Horrez gain, langileen “malgutasuna eta mugikortasuna” areagotzea eskatu du enpresak. Deslokalizazioan sakondu nahi izatea ere egotzi dio sindikatuak zuzendaritzari: “Tubos Reunidosen egin izan diren lanak kanpora atera nahi dituzte, etorkizun oso hurbilean Estatu Batuetara bidaltzeko”.

Plan hori bat-batean aurkeztu izana ere egotzi diote zuzendaritzari. Sindikatuak azaldu du iazko urritik hona 30 bilera baino gehiago egin dituztela hitzarmenaren harira, baina guztira ez dutela 8 ordu baino gehiago iraun. “Produkzio tona gehienak honezkero lantegitik atera direnean datoz neurriak proposatzera”.

Hurrengo bilera, astelehenean
Gauzak hala, LABek adierazi du “oso argi” duela zein den datorren astelehenean egingo duten bilerara eramango duen jarrera. Hitzarmena desblokeatzea eta negoziazio mahaian esertzea eskatuko diote zuzendaritzari, “langileontzako lan eskubideen murrizketarik izango ez duen plan industrial bat” exijitzearekin batera.

Horrez gain, enpresa-batzordeari eskatu diote egoeraren gaineko informazio gainontzeko langileekin partekatzea. Beharginei, aldiz, “eskubide guztiak” defendatzeko deia luzatu diete, “mobilizazioaren bidez”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide