Gaur bilera egin dute Tubacex taldeko zuzendaritzak eta langile ordezkariek. Jesús Esmorís kontseilariak adierazi die sindikatuei une zailean dagoela enpresa Donald Trumpen erabakiaren ostean. Izan ere, Iranekin akordio nuklearra bertan behera utzi ostean, Tubacexek isunak jaso ahalko lituzke 550 milioi euroko eskaera ekoiztuko balu errepublika islamikoarentzat.
Esmorísek nabarmendu du operazioa babesten duten bazkideek eta bankuek ez dutela zigor horiek jasan nahi eta hortaz, salmenta bertan behera geratzeko arriskuan dagoela. Zuzendaritzak azpimarratu du lan handia izan dela eskaria lortzea eta horri uko eginez gero, lantegiak txanda eta erdian geratuko lirateke.
Epe ertainean hobetzeko aukera
Esmorísek aipatu du energiaren sektorea krisialdian dagoela, baina epe ertainean hobera egiteko parada sumatzen dutela. Horri esker, Irango porrota orekatzeko aukera egongo litzateke, baina ez epe motzean.
Hitzarmenaren gatazka
Zuzendaritzak ez du abagunea galdu eta lan-hitzarmenaren gatazka jarri du mahai gainean. Zuzendarien aburuz, enpresak inbertsioak egin ditu Laudio eta Amurrioko faktorietan eta proposatutako hitzarmena mesedegarria zen langileentzat. Hortaz, eurentzat ez da jasangarria 3 eguneko greba egin izana.
Bukatzeko, egoerari irtenbidea bilatzeko, malgutasuna eskatu die beharginei; epeak, kalitatea, prezioa eta zerbitzua hobetzeko.