Abuztuaren 17an amaituko dira Amurrioko jaiak. Egun horretan, baina, beste ekintza esanguratsu bat hasiko da herrian: Euskadiko Agility Sextuple Txapelketa. Abuztuaren 22ra arte luzatuko da norgehiagoka hori, Reforreko belar artifizialeko zelaian.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, hiru pista egongo dira, eta 400 txakur baino gehiagoren parte hartzea espero dute. Austria, Frantzia, Eslobakia, Txekiar Errepublika edota Italiako parte hartzaileak egongo dira, eta proba puntuagarria izango da datorren urteko Espainiako Txapelketari begira.
Txakurrei zuzendutako kirol modalitatea da agiltya. Animaliek ibilbide bat osatu behar dute, hainbat proba eta oztopo igaroaz.
Honakoa ez da izango txapelketa hori eskualdean egingo den lehen aldia. 2016an Urduñan egin zen norgehiagoka. Antolatzaileek nabarmendu dute sarrera doakoa izango dela. "Interesa duen edonor bertaratu ahalko da kirol horren nondik norakoak ezagutzera".