"Txakurren entrenamendu mentala fisikoa baino askoz garrantzitsuagoa da Agility-an"

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko uzt. 9a, 13:52

VICENTE MARKINEZ (Laudio, 1973) Agility Euskadi taldeko kidea da. Espainiako Txapelketan lehiatu da "Oli" txakurrarekin

Nondik datorkizu Agility munduarekiko lotura?

VICENTE MARKINEZ (Laudio, 1973) Agility Euskadi taldeko kidea da. Espainiako Txapelketan lehiatu da "Oli" txakurrarekin

Nondik datorkizu Agility munduarekiko lotura?

Nire arrebarekin hasi zen dena, bi urte zeramatzan Agilitya egiten eta. Txakur bat adoptatzeko aukera aipatu zidan, “Oli”, eta aukerari heldu nion. Oso itzalia eta triste etorri zen txakurra, eta horregatik hasi nintzen Agilityra eramaten. Pixkanaka hasi ginen eta asko gustatu zitzaionez alde handia nabari zaio.

Agilitya zer da, txakurren jolas parkea ala?

"Bai, oso dibertigarria da. 18-20 oztopotako ibilbidea da. Ahalik eta denbora gutxienean ahalik eta huts egite minimoarekin osatu behar dute zirkuitua"

 

Hiru maila daude: pre-agility hastapenekoa da, oinarrizkoa, tunelak eta beste gauza txiki batzuk baino ez ditu. Ni bigarren graduan aritzen naiz “Oli” nire txakurrarekin. Oso kirol berria da, Euskadin hiru klub baino ez daude: gurea, Getariakoa eta besteren bat. Ezagutu nahi duenak abuztuan izango du aukera Urduñan.

Abuztuan sei eguneko txapelketa egingo duzue Urduñan, ezta?

Bai, oso potentea izango da gainera. Partaide eta epaile oso onak etorriko dira, interesgarria izango da. Jende asko mugitzen du. Asteburuko probetan gutxi gora behera 70-80 txakur biltzen dira, horrek atzean duen giro eta jende kopuruarekin. Txakurrek primeran pasatzen dute. Gainera, ez dago ez txakur ez jabeetan adin mugarik. Beno, txakurretan bai, 1,5 urte izan behar dute gutxienez, kalterik ez jasateko.

 

"Agility-an oso oso ondo zaintzen dira txakurrak"

 

Txakurrak tamainaren arabera lehiatzen dira, arrazek ez dute baldintzatzen, nahiz eta normalean lanerako txakurra erabiltzen den: euskal artzain txakurra, border collie ...

Dohain asko lantzen dituen afizioa da. Doanekoa al da?

Ez, baina lehiaketa bakoitzeko inskripzioak 12 euroren bueltan daude, ez da hain garestia. Egia da desplazamenduak garestitu egiten duela. Gu Kantabriara, Madrilera, Zaragozara... joan gara. Guretzako ia-ia hobbie moduko bat da, probak larunbat arratsaldean eta igande goizean izaten direnez asteburu pasak egiteko aprobetxatzen dugulako.

Zer nolako probak gainditu behar izaten dituzte animaliek?

Saltoak, harresiak, tunelak, seinaleekin markatutako ibilbideak... oso ondo pasatzen dute. Guk bi txakur ditugu eta izugarria da zein ondo pasatzen duten. Nire txakurra oso oso lasaia da eta jauzi egiten duen momentu bakarrenetakoa da agilitya.

Entrenamendu handia eskatzen al du kirol honek?

Ez, entrenamendu mentala fisikoa baino askoz garrantzitsuagoa da. Oso nekatuta bukatzen dute. Astero ordu erdiko entrenamendua aski da txakurrarentzako, eta hori, bost minutuko atsedenak tartekatuz! Ez da komeni egur handia ematea, ariketa mentala da gehienbat.

 

"Txakurra ez da kontziente lehiatzen ari delaz, topera doa, ondo pasatzera eta zuk esaten diozuna egitera"

 

 

Aginduak entzuteko desiratzen daude.

Txakur ala jabearen animo egoerak, zeinek eragiten du gehiago bestearengan?

Biek. Izugarria da, txakurrek dena dakite. Begiratze hutsarekin badakite nola zauden: urduri, beldurtuta, triste...

Zer esango zenioke animaliek pentsatzeko gaitasunik ez dutela uste duenari?

Bera dela pentsatzen ez duen animalia bakarra, ez duela ideiarik ere ez. Oso azkarrak dira. Nik egunero flipatu egiten dut, dena ulertzen dute. Etxean inor falta bada nabaritu egiten dute.

Txapelketa askotan hartu duzu parte. Gustura al zaude lortutako emaitzekin?

Bai, ezin naiz kexatu, asko bidaiatu dut: Madril, Zaragoza, Asturias, Kantabria... Oso ondo egin dugu. Klubetik Espainiako Txapelketarako sailkatu gara.

Eskualdean ba al da zaletasunik?

Bai, oraindik oso ezezaguna bada ere Laudion bertan 5-7 aritzen gara. Luiaondon ere mutil bat aritzen da.

 

"Oso gauza berria da, Espainian 80. hamarkadan hasi zen, eta bilakaera izugarria izan da"

 

Nire helburua ez da irabaztea edo lehiatzea, gozatzea baizik. Txakurra oso triste zegoelako hasi nintzen honetan, eta oso pozik gaude orain biok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide