Talka sortu da biharko txupinazoaren harira, balizko ekimen bat dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2018ko abu. 11a, 20:22

Bihar izango da Amurrioko jaietako txupinazoa. / Aiaraldea.eus

"Kuadrilla batek" bi presoen aldeko ekimen bat egiteko asmoa duela adierazi du udalak, eta nabarmendu du egin dezakeen guztia egingo duela hori ekiditeko. Herriarenak taldeko kideek gogor kritikatu dute tokiko erakundearen jarrera. 

Giroa tenkatuta dago Amurrioko Udalaren eta Herriarenak koadrilaren artean, herriko jaietako txupinazo ofiziala izateko egun bat baino gutxiago falta denean (Jai Herrikoien Aldeko Batzordearen egitaraua gaur goizean hasi da).

Prentsa-ohar bat plazaratu zuen udalak atzo, "gorabeherarik gabeko jai lasaien aldeko apustua" helarazteko. Ohar horretan, tokiko erakundeak iradoki du “kuadrilletako batek” asmoa duela txupinazoan Julen Ibarrola eta Alfredo Remirez preso politiko amurrioarren aldeko ekintza bat egiteko, 2005. urtean dipertsioa salatzeko eginiko ekimenaren formatua errepikatuz. Urte hartan Herriarenak koadrilak bi preso izendatu zituen ordezkari gisa, eta kartoizko panpinak erabili zituzten eurak irudikatzeko. Alfredo Remirez ekimen horretan parte hartzeagatik dago kartzelan, Twitter bidez bere iritzia plazaratzeagatik beranduago ezarri zioten zigorra berrerortze gisa interpretatu zuelako Entzutegi Nazionalak. Hori dela eta, “egoera hori saihestu” nahi du udalak aurten, “edozein gorabeheratik urrun egongo diren eta soilik denen gozamenerako pentsatuta egongo diren jaien aldeko deia eginez”.

“Gure eskuetan dauden neurri guztiak jarriko ditugu gertakari haiek errepikatu ez daitezen, txupinazoaren unean udaletxean egiten den ezerk salaketa eragitea saihestuz, udal langileek euren buruak epai bidezko prozesuan sartuta ikusteko arriskurik izan ez dezaten”, adierazi du Josune Irabien alkateak.

Herriarenak taldearen erantzuna
Herriarenak kuadrillak beste ohar baten bidez erantzun dio udalari. Jai-talde horretako kideek nabarmendu dute udal-gobernuaren jokaera ”larria eta arduragabea” dela, ”kaleratu duen prentsa-oharrak, planteatzen dituen helburuak hurbildu beharrean, hau da, jai lasaiak eta istilurik gabekoak izatea, tentsioa areagotu eta foko mediatikoa Amurrioko jaietako txupinazoan jarri besterik ez du egiten”.

Gauzak hala, alkateari eta bere talde politikoari leporatu diote Herriarenak kuadrilla ”berriro ere jomugan” jarri izana, eta azpimarratu dute txupinazoan ez dutela “inolako panpinik” ateratzeko asmorik. “Josune Irabienek txupinazoan eta Amurrioko jaietan berriro polizia eta justizia tartean sartzea nahi baldin badu eta, honela, gizarte osoak gainditutzat ematen zuen garaira bueltatu, gurekin ez dezala kontatu, gurekin jai dauka”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide