Malagan lehiatu berri da master kategoriako kirolarien munduko txapelketa eta Manolo Hidalgo amurrioarrak ziurtatu du inoiz baino jendetsuagoa izan dela hitzordua.
Antza, 8.000 kirolarik baino gehiagok parte hartu dute. "Nagusienak 102 urte zituen eta luzera-jauzian aritu zen, ikaragarria izan zen ikustea", azaldu du Larrabeko auzokoak.
Berez, Hidalgok Master 55 kategorian eman zuen izena, eta ia 60 urte zuenez, ez zuen espero emaitza bereziki onik. Hala ere, pisu jaurtiketan 18. postua eskuratu du eta pozik dago. Oso esperientzia polita izan dela adierazi du. Disko jaurtiketan, ordea, 30. izan zen sailkapenean.
Venezia
Hurrengo urtean Italiara joko du Hidalgok munduko txapelketan aritzeko, baina Master 60 kategorian. Amurrioarrak emaitza onak eskuratu ditu aurten Euskadiko Txapelketan eta irabazlea izan zen pisu, disko eta mailu jaurtiketetan.
Horrez gain, Espainiako Txapelketan 5. geratu zen. Lorpen horien ostean, Basauriko Artunduaga klubak fitxatu du.