Yolanda Mosquera irabazle Euskadi Literatura Sarietan, ilustrazioen alorrean

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 1a, 12:30

Gaur egin dute saridunak aurkezteko prentsaurrekoa / Eusko Jaurlaritza

Literatura Lanaren Ilustrazio onenaren saria irabazi du artista amurrioarrak Guy de Maupassanten La pequeña Roque liburua ilustratzeko eginiko lanagatik.

Aurtengo Euskadi Literatura Sarien lehen hiru saridunak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak gaur. Yolanda Mosquera marrazkigile amurrioarrak Literatura Lanaren Ilustrazioaren saria jaso du, Guy de Maupassanten La pequeña Roque liburu ilustratuari esker.

Eider Rodriguez idazleak Euskarazko Literaturaren Saria jaso du Bihotz handiegia lanagatik eta Santos Zunzunegik, aldiz, gazteleraz idatzitako saiakerarena, Bajo el Signo de la Melancolía saiakeragatik.

Hiru irabazleak pozik agertu dira jasotako aitortzagatik. Mosquerak marrazkiak testuarekin uztartzeko izan duen abilezia azpimarratu du epaimahaiak. “Ilustrazioaren tratamendua eta dotorezia nabarmentzen dira, istorioaren gogortasunaren beste muturrean”, azaldu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, “era horretan, narrazioko intriga uneoro mantentzen duen irudi-testu irakurketa bikoitza eta giroa sortzen du”.

Horren ondorioz saritu dute amurrioarra, “narrazio gaitasunagatik, obra barruan bere unibertsoa asmatzeko duen sormenagatik eta ilustrazioen kalitateagatik”.

Oraindik lau irabazle jakinarazi behar dituzte: Gaztelaniazko Literaturarena, Euskarazko Saiakerarena, Euskarazko Literatura Itzulpenarena eta Euskarazko Haur eta Gazte Literaturarena. Hemendik bi astera emango dituzte aditzera. Sariak azaroaren 27an banatuko dira Gasteizko Artium Museoan.

Hainbat sari
Ibilbide oparoa egin du Mosquerak ilustratzaile gisa. 2011n irabazi zuen Peru Abarka album ilustratuen lehiaketa, eta munduko hainbat erakusketetan plazaratu zituzten bere irudiak, Mexikon, Italian eta Arabiar Emirerrietan, besteak beste.

Azken herrialde horretan ohorezko aipamena jaso zuen bi urte beranduago, Caballitos de sal haur poema-bildumako irudiak sortu ostean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide