Iragan astean Saratxoko industriagunean gertatutako isurketak ez ditu ibaiko landaredia eta fauna kaltetu. Hori dio isurketa egin duen enpresak, Josune Irabienen arabera. Gaiari buruzko azalpenak eman zituen Amurrioko alkateak iragan osteguneko Udal Osoko Bilkuran. “Isurketa egin zuen enpresa izan zen abisua pasa eta egoera konpontzeko baliabideak jarri zituena”, aipatu zuen Irabienek, “sare batekin babestu zuten espazioa. URA agentziako zaindaria ere egon zen bertan, bera baita alor horretan eskumenak dituena eta gertatutakoaren gaineko txostena osatuko duena”.
Udala enpresarekin bildu zen gero, eta honek argitu zuen isurketa “giza-akats” bategatik gertatu zela eta ez zuela eragin handirik izan ibaian. “URAk ateratzen dituen ondorioen arabera baloratuko dugu zer neurri hartu”, jakinarazi du Irabienek.
Iaz milaka arrain hil ziren, Reforreko industriagunean gertatutako isurketa baten ondorioz.