Bazenekien aurrez saria jasoko zenuela?
Aurreko astelehenean esan zidaten, aurkezpena oraingoan izan da, baina ez nekien ezer. Banekien lana aurkezten zela, aukeratua izan zarela esaten dizutelako, baina besterik ez.
Beraz, nahiko sorpresa izan da.
Bai, pentsatzen nuen lanak aukerak zituela epai mahaiari arreta deitzeko, bestelakoetan aurkeztu izan dudanean aukeratua izan baita, eta lan honen edizioa polita denez pentsatu nuen epai mahaiari arreta deitzeko aukera zuela baina irabazteraino ez, ametsetan ere ez.
Aurretik irabazi duten ilustratzaileak etorri zitzaizkidan burura, asko miresten ditut eta orain niri egokitu zaidanean beraien aldean txiki ikusten naiz. Ez nuen espero, ez.
Esan duzu edizioa polita dela. Liburu baterako ilustrazioak egiten dituzuenean, batetik marrazkiak egongo dira eta bestetik edizioa bera.
Bai, alde hori oso garrantzitsua da eta, normalean, ez da kontuan hartzen. Nirekin lan egin duten argitaletxeek ez dute edizioa bera aintzat hartzen, oso gutxi dira hori egiten dutenak. Hau da, diseinua, produkzioa... liburua bera argitaratzeak dakarren guztia.
Kasu honetan, proiektuari baietz esan banion horregatik izan zen batez ere, editoreak erakutsi zidalako zertan zetzan, bildumak zein ezaugarri zituen. Asko gustatu zitzaidan eta pentsatu nuen bertan parte hartu nahi nuela, merezi zidala lan hori hartzeak. Askotan lan benetan ederra izan dezakezu, baina ez badizute ondo editatzen... paper itsusi bat, diseinu zatarra...ez diozu etekinik ateratzen.
Epai mahaiak azpimarratzen duen gauzetako bat da testuaren eta irudiaren artean bateratze handia dagoela.
Oso kasu berezia da hau, formatua oso originala da. Helduendako literaturatzat hartzen da. Baina, normalean, ez da horrela egiten. Ohikoena testu idatzia eta marrazkiak dituen orrialdeak tartekatzea da. Kasu honetan editoreak oso argi zeukan irudia testuan txertatu nahi zuela, maketazioan bertan sartu, diseinu bakarra izateko. Niri oso originala iruditzen zait eta honen moduko testu laburrekin oso ondo funtzionatzen du. Haurrentzako bilduma ilustratuekin, aldeak alde, berdin egiten da, testuak lan egiten du irudiarekin. Elkarlan bat dago.
Literaturaren barruan, irudidun liburuak haurrentzako literaturarekin lotzen dira.
Bai, normalean jendeak haurrekin lotzen du irudizko literatura edo liburu ilustratuak. Baina ez du zergatik horrela izan behar. Gainera, azken urteetan gorakada bat egon da. Ilustratzaile bezala hitz egiten dut, eta egia da argitaletxe batzuek ilustrazioaren aldeko apustua egin dutela: Inpedimenta, Libros del Zorro Rojo... Helduentzako irudidun liburuen alde egin duten argitaletxeak dira, haurrentzako lanak ere badituzten arren. Edizioa asko zaintzen duten argitaletxeak dira, beraiei interesatzen zaiena da liburua bera objektu bilakatzea. Egia da orain liburu digitalarekin jendeak ez duela dirua horretan gastatzen edo ez daukala tokirik liburuak biltzeko. Beraz, hau aukera bat da. Kalitatezko testua duen eta ilustratua den liburu bat ateratzea beste gauza bat, etxean gordetzeko zerbait da, fetitxe bat bezala.
Beraz, baliteke hori izatea paperezko liburuen etorkizuna.
Nik hortik ikusten diot etorkizuna, bai. Liburu digitala hor egonda, bai behintzat. CDekin edo diskoekin gertatu den gauza bera da. Nik CD asko izan ditut hortik eta ez dakit non gorde. Bada, liburuekin berdin. Irakurzaletasun handia duten pertsonek non gordeko dituzte liburu mordo horiek. Liburutegiak hor daude, baina erostea gustatzen bazaizu... Uste dut desagertzera joko dutela, eta geratuko dena objektua bera izango da; papera, tintaren usaina eta horrelakoak baloratzen dituztenentzat.
"Lan bakoitzarekin mendia igotzen hasten naiz, behetik hasi behar naiz"
Ilustratzaile bezala gorakada bat egon dela esan duzu.
Bai, nik uste baietz. Ilustratzaile asko daude, eskola asko eta lan asko... Beste gauza bat da ondo ordainduta ote dagoen. Hori da gertatzen dena, eskaera gehiago eta lan gehiago dagoenean badakizu... nahiko haserre nago horrekin, egia esan.
Ilustrazio industrialaren eta autore ilustrazioaren artean aldea egongo da.
Badago batetik komertzialagoa den lana eta bestetik autore ilustrazioa, baina ez du esan nahi azken hori hobeto ordaindua dagoenik. Egia esan, industrialagoa edo denak, testu-liburuak kasu, dira "ongien" ordainduak daudenak egun, nahiz eta prezioak jaisten hasi diren. Baditut lagunak horrelakoetatik bizi direnak. Autore liburuak, berriz, musu-truk egiten dira askotan, gustukoa dugulako. Hemen oso zaila da honetaz bizitzea. Nahiko nuke, baina ezinezkoa da eta, gainera, alde horretatik nahiko ezkorra naiz. Honetan diharduen jende askok beste lan batzuk ditu, irakasleak dira edo ilustrazioarekin zerikusirik ez duten bestelako lanak dituzte.
Gainontzekoa iragarkien arloan aritzen den jendea da, horrek eman dezake zerbait. Diseinutik dirua egin daiteke baina edizioak ez du askorako ematen. Oso ikuspegi pertsonala da, baina bakoitzak bere bizipenak ditu. Uste dut gauzek ez dutela hobera egingo, globalizazio garai honetan areago, editoreak kanpoko ilustratzaileak bere herrialdekoak baino merkeago aurkitu ahal baditu, internet bidez dena egin daiteke. Alde horretatik gauzak oso gaizki ikusten ditut, ez dakit zer gertatuko den.
Zein da zure sortze prozesua? Irudi estiloa aldatzen duzu liburu batetik bestera?
Ni oso aldakorra naiz eta erraz moldatzen naiz edozein lanera. Diseinu grafikoan formatu nintzen, beraz, txip hori barneratua daukat, oso pragmatikoa naiz eta esan nahi den horretara moldatzen naiz. Badaude oso estilo propioa duten ilustratzaileak. Inbidia diet, egia esan. Oso estilo definitua izanda lana horretara moldatzean bidearen zati bat egina duzu. Ni, ordea, lan bakoitzarekin mendia igotzen hasten naiz, behetik hasi behar naiz.
Eta zein izan da liburu honen sortze prozesua?
Liburu honen kasuan, adibidez, editorea nirekin kontaktuan jarri zen eta testua pasa zidan. "Irakurri eta ea ilustrazioak egiteko gustura sentitzen zaren", esan zidan. Irakurri eta asko harritu ninduen, oso testu makabroa baita, baina asko gustatu zitzaidan nolakoa zen editorearen proposamena. Azken batean, liburu-bilduma bat da. Hala ere, irudiak egiteko erabateko askatasuna eman zidan, baina nire marrazki bat ikusita zuen editoreak, arkatzez egindako irudi bat, eta bere ustetan lan honetarako egokia zen, ilustrazio horregatik erreparatu zion nire lanari. Dena den, edozer egin nezakeela esan zidan, baina arrazoia zuela ikusi nuen, estilo hori ongi egokitzen zela, arkatzez, grafitoz egindako irudiak, zuri-beltzezkoa... Beraz, estilo hori begiratzen hasi nintzen, teknika hori.
"Uste dut gauzek ez dutela hobera egingo, globalizazio garai honetan areago, editoreak kanpoko ilustratzaileak bere herrialdekoak baino merkeago aurkitu ahal baditu"
Beraz, kontua hori da, testua pasatu zidaten eta onartu nuen. Hortik aurrera testuarekin lan egiten hasi nintzen. Nik askotan irakurtzen dut, informazioa biltzen hasten naiz, garaian girotzeko. Kasu honetan Guy de Maupassanti buruzko informazioa bilatu behar izan dut, klasiko bat da baina ez nuen ezagutzen. Asko gustatzen zait informazio biltzea eta datuez jabetzea, nahiz eta gero agian ez irudikatu edo ez ikusi, balio erantsi bat dauka. Agian zuk ez dakizu eta ostean agertzen da dokumentazio lan hori.
Gero dator niri gogorrena iruditzen zaidan lana, teknika eta estilo grafikoa. Nola adieraziko duzun, zer adierazi nahi duzu, hori da niretzat zailena. Nire lan egiteko moduagatik atal hau da neketsuena, nik fase horretan asko sufritzen dut. Ez dakit zein estilo erabili, zein teknika... Etsipen puntu bat izaten dut. Baina blokeo hori pasatu egiten da. Denbora nahiko pasa daiteke, hilabete edo astebete. Horrela bada, behin estiloa aukeratuta storyboard bat -gidoi grafikoa- egiten da. Irudiarekin irakur erritmoak adierazten ditut hor.
"Nola adieraziko duzun, zer adierazi nahi duzu, hori da niretzat zailena"
Beraz, estiloz aldatzen duzu lan bakoitzarekin. Hori ez al da zailagoa?
Bai, askok estiloa oso mamitua dute eta ez dira identifikatuak sentitzen hortik kanpo, hori da beraien ahotsa. Nik, ordea, ahotsak bilatzen ditut, asko dokumentatzen naiz. Bestelako ilustrazioak ikusten, edozein irudi begiratzen, koloreak edo formak ikusten... inspiratzen naiz. Gauza asko barneratzen ditut, argia noiz etorriko zain. Egia da nire portfolioa begiratzen dudanean badagoela estilo pertsonal bat: forma oso gogorrak ditut baina sinplifikatzen dut, ez naiz batere barrokoa eta oso grafikoa naiz. Hau da, badaude errepikatzen ditudan gauza batzuk, nigan daudenak. Hala ere, era askotako teknikak erabiltzen ditut: jositako irudiak egin ditzaket, collageak... Teknika hau adibidez, liburu honetakoa, ez dut inoiz erabili, baina erantzun bila nenbilen eta teknika honekin egin nuen topo. Grafito hautsarekin egiten da, arkatzaren hautsa erabiliz. Gero lan bat dago honen atzean, paperean nola geratuko den ikusi behar da, frogak egin behar dira, eskaneatuta nola geratzen den...
Aurrez dakizu zein motatako papera izango duen liburuak? Nork aukeratzen du hori?
Ez, hori normalean sorpresa izaten da. Egia esan, inprentako frogak egiten dituztenean ez gaituzte abisatzen, beraz, liburua eskutan izan arte ez dakizu nola geratuko diren zure marrazkiak. Badira ilustratzaile batzuk aukera hori izaten dutenak, inprentara joan eta frogak egin, beraien iritzia eman. Nik ez dut horrelako aukerarik inoiz izan.
Kasu honetan, eskaneatuta emaitza hau ematen zidan papera erabili nuen. Azken finean, inprimatutako liburu bat izango da eta irudiak ez du originalarekin zer ikusirik izango.
"Inprentako frogak egiten dituztenean ez gaituzte abisatzen, beraz, liburua eskutan izan arte ez dakizu nola geratuko diren zure marrazkiak"
Arte ederrak ikasi zenituen. Nola amaitu zenuen liburuan ilustrazioen munduan?
Bai, garai hartan espezialitateak zeunden eta diseinu grafikora bideratu nintzen. Hori bukatzean tresnak erabiltzen ikasten ibili nintzen, garai hartan ez baitzegoen internetik eta ez ziguten ordenagailua erabiltzen irakasten. Gero diseinatzaile aritu nintzen baina ez ninduen asetzen. Asko gustatzen zait baina lan bat denean ez, ez behintzat zortzi ordu horretara egoteko.
Hortaz, alde batera utzi nuen bai diseinu grafikoa bai artea, harik eta 2008an haur eta gazteentzako argitalpenetan espezializatzeko Graduondokoa egin nuen arte, Bartzelonan. Ilustrazioak eta albumak ezagutu nituen bertan eta izugarri gustatu zitzaizkidan, haize freskoa izan zen niretzat. Handik bueltan erabaki nuen horretan lan egin nahi nuela, baina oso zaila da, estilo oso definitua izan behar duzu edo testu-liburuetan aritu, bestela oso zaila da. Egia da beti egon naizela hor, lan asko egin dut eta emaitzak jaso ditu. Ordutik ez naiz geldirik egon, egin ditudan liburu bakanek aitortza jaso dute, urrats txikiak eman ditut eta asko jaso dut horietatik.
"Bartzelonan ezagutu nituen ilustrazioak eta albumak eta izugarri gustatu zitzaizkidan, haize freskoa izan zen niretzat"
Baduzu proiekturik esku artean?
Momentu honetan ez dauka ezer. Beste liburu bat egin dut honekin batera. Guatemalarako egin nuen, hona oraindik ez da iritsi. Haurrentzako poesia album bat da eta Guatemalan eta Hego Amerikako beste herrialde askotan badago. Editatu eta banatuta omen dago, argitaletxeak kopia bat bidali behar zidan baina oraindik ez da iritsi. Hemen ere laster banatuko da.
Lan labur batzuk egin ditut, Zinemakumeak Gara jaialdiko kartela egitea eskatu zidaten, adibidez. Proiektu solteak ditut diseinuarekin lotuak.
Nondik iristen zaizkizu lanak?
Normalean Espainiatik eskaini dizkidate lan gehienak. Beste herrialde batzuetatik jaso izan ditut deiak baina prezioez eta autore eskubideez hitz egiten hastean akabo, ateak itxi dizkidate. Maila ekonomiko baxuagoa daukaten herrietako langileak hartzeko joera dago eta gauzak ez daude batere ongi.
Guatemalakoa gogoa nuelako egin nuen, ez ordaintzen zidatenagatik, adibidez. Kontaktuak izan ditut kanpoko jendearekin. Kanadatik deitu zidaten galdetzen ea nire irudi bat erabili ahal zuten eta ez ginen adostasun batetara iritsi. Ezin duzu zure marrazki bat edonola eman, jendeak zure lanarekin betirako geratzea nahi du, ondoren erabili eta etekina ateratzeko. Hori nahi badute ordaindu behar da, gu hortaz bizi baikara, gure irudiez eta autore eskubideez. Beraz, asko zaindu behar den gauza bat da, gure lanak prezio bat dauka. Aldarrikatzaile jartzen ari naiz!
"Ezin duzu zure marrazki bat edonola eman, jendeak zure lanarekin betirako geratzea nahi du, ondoren erabili eta etekina ateratzeko. Hori nahi badute ordaindu behar da, gu hortaz bizi baikara, gure irudiez eta autore eskubidez"
Sariek edota feriek balio dute zure lana ezagutarazteko?
Niri behintzat ez. Azkenean curriculuma loditzeko balio du. Egia da esperientziak biltzeko balio duela, zure lana ezagutzera emateko, gauzak nola mugitzen diren ikusteko. Azken batean norbera motibatzeko balio dute horrelako feriek. Bertara aurkeztea pizgarri izaten da, irudiak landu, aukeratu, katalogoa editatu... Horrek guztiak motibatzen nau, uste dut ez didala askotarako balio izan, baina niri ilusio handia egiten dit parte hartzeak eta nire ilustrazioak mundutik barreiatuta ibiltzeak. Ez dut berehalako ezer bilatzen, baliteke ondoren etortzea emaitzak. Hori da niri pasatu zaidana. Hasiera batean ez nuen emaitzarik ikusten, baina urteen ostean hasi naiz deiak jasotzen.
Nik ingurukoak beti animatzen ditut aurkeztera, ez soilik lan hori egitea ilusio pizgarri delako, aitortza bat ere badagoelako. Feria horietan lan asko aurkezten dira, 3.000 aletik gora, eta zu hor egotea jada sari bat da; eta askotan, hain zuzen, saritzat aitortzen dira. Ilustrarten aukeratua izan naiz aurten, adibidez, eta ilusio asko egin zidan. Lanean jarraitzeko pizgarri dira horrelakoak.
"Lanean jarraitzeko pizgarri dira sariak eta feriak"
Beraz, liburuetako marrazkiez gain zure lanak ere badituzu.
Bai, horrelako ferietan aurkezteko lanak egiten ditut, nire marrazkiak. Hain zuen, nire proiektu pertsonal bat egitea gustatuko litzaidake, baina oso zaila iruditzen zait. Erronka moduan ikusten dut. Asko miresten ditut horrelakoak egiteko ausardia dutenak. Lagun batekin hari naiz horrelako zerbaiti bueltak ematen, niri asko kostatzen zait horrelako egitasmo batekin hastea, nire burua motibatzea. Beraz, talde lana beharrezkoa dut. Ea zerbait ateratzen dugun.