Etzi -urriak 14, igandea- emango diote hasiera ikasturte berriari Amurrioko Aisia Eskaut Taldeko kideek. Ibilaldia egingo dute horretarako Maroñora. 10:00etan abiatuko dira Amurrioko kioskotik, 19:00etan itzultzeko. Nahi duen gazte orori luzatu diote martxan parte hartzeko gonbita. "Mendian aritzeko arropa, ogitartekoa eta kantinplora baino ez dira eraman behar", adierazi dute. Gurasoek ere izango dute parte hartzeko aukera eta "B plana" ere badute, "euria egiten badu gauzatzeko".
Eskaut taldeko kideen helburua da gazteen prestakuntza sustatzea, "metodologia ludikoa baliatuta". Hainbat ekimen prestatzen dituzte horretarako. Ordubeteko bilerak izaten dituzte astero, jolasak, tailerrak eta hausnarketak burutzeko. Hilean behin, aldiz, irteerak antolatzen dituzte. Horrez gain, hiru kanpamentu egiten dituzte urtean zehar: Gabonetan, Aste Santuan eta udan.