Guillermo Ulaciak Tubos Reunidoseko zuzendaritza utzi du eta akzioek %10eko balioa galdu dute

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 16a, 13:10

Langileen protesta akziodunen kontseiluaren aurrean Guggenheimen. / Aiaraldea.eus

Jorge Gabiola izango da presidente berria, Carlos López de las Herasek hartuko ditu zuzendariaren ardurak eta Inés Núñez de la Parte izendatu dute Administrazio Kontseiluaren idazkaria.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzan aldaketa nabarmenak gertatu berri dira. Enpresak gaur bertan jakinarazi dio langile batzordeari Guillermo Ulaciak uko egin diola zuzendari karguari eta bere ordez Jorge Gabiola izango dela presidente berria. Carlos López de las Herasek, ordea, hartuko ditu zuzendariaren ardurak eta, azkenik, Inés Núñez de la Parteri dagokio Administrazio Kontseiluaren idazkaria izatea.

Arrazoiak
Enpresak azaldu du Guillermo Ulaciak bere postua utzi duela bere ibilbidea bukatutzat eman duelako. Izan ere, Transforma 360 plana ezarri badu ere, taldeak erronka larriei egin behar die aurre Trump Administrazioak %25eko zerga jarri dizkiolako Amurrioko enpresaren produktuei.

Kide berriak
Jorge Gabiola Deustun lizentziatu zen zuzenbidean. 1996an batu zen Tubos Reunidosera eta hainbat betekizun izan ditu orain arte.

Carlos López de las Heras ingeniari industriala da eta aurrerantzean negozio plan berria garatu beharko du. Kargu ugari izan ditu enpresan, besteak beste, mantenu buruzagia. Zuzendaritzak goraipatu du enpresa oso ondo ezagutzen duela López de las Herasek.

Inés Núñez de la Parte zuzenbidea ikasi zuen Deustun eta bertan irakaslea da. Orain arte, aholkularitza juridikoaren kabinetea zuzendu du Tubos Reunidosen.

Akzioen beherakada
Albistea zabaldu eta gutxira taldeko akzioek balioa galdu dute; %10a, alegia. Edonola ere, Tubos Reunidosen emaitzak txarrak ziren dagoeneko.

Irailaren bukaeran zabaldu zuten 2018ko lehen 6 hilabeteetan 11,9 milioi euro galdu dituztela. Dolarraren balio-galera eta Trump gobernuaren zergak aipatu ditu enpresak bere txostenean galera horren kausa gisa, baina langileen ordezkariek bestelako iritzia dute.

Langile Batzordeko kide batek honakoa nabarmendu du: "EBIDTA emaitzak -hau da, zergak eta abar ordaindu gabeko mozkinak- 14,4 milioi eurokoa dira. Hortaz, nola liteke enpresak hainbeste diru galtzea? Nola da hori posible? Oso erraza: 2007an adostu zuten Condesa enpresarekin fusioa, eta nahiz eta 170 milioi euroko mailegua eskatu, azkenean ez zuten gauzatu. Nola ez, mailegua akziodunen artean banatu zuten".

Eragindako zor hori dago enpresak dituen arazoen atzean, langileen ustez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide