Iragan abuztuan iragarri zen Luisa Ibarrolak txirrindularitza profesionalera salto egingo zuela Ginestar-Delikia Sportekin. Talde horren aurkezpena egin zuten atzo Madrilen.
Ibarrolaz gain, beste sei txirrindulari egongo dira taldean: Ismael Esteban, Elena Lloret eta Felipe Orts (Elite kategorian), Gonzalo Iguanzo eta Marc Cabedo (Gazteak) eta Ainara Albert (Kadete). 23 urtetik beherakoen kategorian arituko da kirolari saratxoarra.
37 lasterketa
Aurtengo denboraldian 37 norgehiagoketan parte hartzeko asmoa du taldeak hemendik eta otsailera bitartean. Iragan urriaren 7an izan zen lehena, Enovan. Hurrengoa bihar -urriak 18- izango da, Belgikako Ardooie udalerrian.
Espainiako Ziklokros Kopa eta Espainiako Txapelketa izango dira taldearen erronka nagusiak, atzoko aurkezpenean azaldu zutenez.