Tubos Reunidos taldeko zuzendaritza berria plana prestatzen ari da bankuekin, akzioak %35 jaitsi eta gero

Aitor Aspuru Saez 2018ko urr. 25a, 11:03

Tubos Reunidos enpresako langileen mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Guillermo Ulacia zuzendariak pasa den astean bere ardurak utzi ostean, enpresen akzioek sekulako balio galera izan dute. Zuzendaritza berria bideragarritasun plana osatzen ari da bankuekin, pilatu den zorrari aurre egiteko.

Zurrunbiloa gertatzen ari da Tubos Reunidos Internacional taldean. Pasa den astean Guillermo Ulacia zuzendariak bere postuari uko egin eta gero, merkatuak gogor zigortu du enpresa. Ulaciaren dimisioa jakinarazi zen egunean bertan %10eko balioa galdu zuten akzioek, baina asteartean galera %35,8ra heldu zen. Hau da, herena gainditu zuen.

Zorrak ordaindu ezinik
Pasa den astean egindako bileran, Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak azaldu zien langileen ordezkariei enpresak ezin duela ordaindu metatu duen zorra.

Ondorioz, bankuei eskatuko diete zor horren zati bat barkatzea, bestela proiektua ez baita izango bideragarria.

Horretarako, Tubos Reunidos Internacional eta bankuen adituak elkarlanean ari dira bideragarritasun plana adosteko.

Akordioa lortuko balute, litekeena da enpresak zor guztia ordaindu behar ez izatea. Izan ere, horretarako gaitasunik ez duela azaldu zien zuzendaritzak langileen ordezkariei.

Murrizketak eta zorra
Sindikatuetako kideek uste dute entitate finantzarioak eta enpresako zuzendaritza ados jar daitezkeela beharginen eskubideak murrizteko.

Zentzu horretan, langileen susmoa da euren gain utzi nahi dutela zorraren pisua.

Berez, astelehenean Unai Martinez ELAko Industria eta Eraikuntza Federazioko idazkariak testua plazaratu zuen Vocento taldeak argitaratutako artikulu bati erantzuteko.

Sindikalistak gogoratu zuen Tubos Reunidos Internacionalek dituen arazoen sorburua dela 2008an eskatutako kreditua Condesa erosteko. ELAko kideak azpimarratu du fusioa ez zutela gauzatu azkenean eta, hala ere, diru hori akziodunen artean banatu zutela.

Unai Martinezek azpimarratu du hor dagoela arazo guztien jatorria, 2007an enpresak 33,5 milioi euroko zorra baitzuen, eta operazio horren ostean, ia 200 milioi eurokoa izatera pasa zen. Hortaz, bere iritziz, akziodunen errua da porrot ekonomikoa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide