Euskaraldiaren bideo laburren txapelketa antolatu du Amurrioko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko aza. 21a, 09:00

12 eta 30 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute txapelketan. / Aiaraldea.eus

Euskaraldiaren atarian bideo lehiaketa antolatu du Amurrioko Udalak 12-30 urte bitarteko gazteentzako. Bi kategoria egongo dira eta abenduaren 1a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Amurrioko Udalak gazteei zuzendutako “Euskaraldiaren I. bideo laburren txapelketa” jarri du martxan.

Bi kategoria egongo dira txapelketan, 12-17 urte bitartekoena eta 18-30 urte bitartekoena. Abentura parke baterako 4 pertsonentzako sarrera irabaziko dute lehenengo kategorian irabazleek. Nagusien kategoriako lan sarituen egileek, aldiz, 4 lagunentzako landetxe batean gaua pasatzeko aukera izango dute.

Azaroaren 19an abiatu zen txapelketa eta abenduaren 1a arte egongo da lanak aurkezteko tartea. Sari banaketa abenduaren 3an egingo da Amurrioko Juan de Urrutia Plazan, 18:30ean.

Oinarriak
Euskara gai bezala hartuta, ikus-entzunezko euskarrian aurkeztutako edozein adierazpen artistiko onartua izango da (flashmob, dantzak, filma laburrak, animazioak…). Lanak originalak eta inon saritu gabeak izan behar dute eta minutu bat eta 4 minutu arteko iraupena beharko dute izan.

Epaimahai batek baloratuko ditu lanak eta gaiarekiko lotura eta koherentzia izango dira gehien baloratuko diren alderdiak. Umorea, sormena eta kalitatea ere aintzat hartuko dira.

Bi bide daude lanak entregatzeko: 688 736 956 telefonora whatsapp bidez bidalita edo emailez euskaraldia.bideotxapelketa@gmail.com helbidera bidalita. Lanak bidaltzerakoan bideo laburren izenburua, egilearen izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman beharko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide