Etxebizitza hutsei errekarguak ezartzeko eta baliabide gutxi dituzten pertsonei hobariak emateko "borondate politikorik" ez izatea egotzi dio Orain Amurriok EAJri

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 23a, 12:00

Orain Amurriok hainbat aldiz eskatu du OHZren gaineko proposamena aurkeztea. / Aiaraldea.eus

“Borondate politikoa” ez izatea leporatu dio oposizioko taldeak jeltzaleei. EAJren udal-gobernuak, bere aldetik, aipatu du proposamena “talde guztien artean adostea” nahiko lukeela.

Orain Amurriok oharra plazaratu du EAJren udal gobernuak Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) nola kudeatzen ari den salatzeko.

Oposizioko taldeak adierazi du 2017ko urtarrilean proposamena aurkeztu zutela zergaren hobariak moldatzeko, diru-sarrera gutxiago dituzten herritarren alde. Era berean, etxebizitza hutsei errekargua ezartzea proposatzen zuen talde politikoak, alokairuaren merkatua sustatzeari begira.

Orain Amurrioko kideen aburuz, hainbat batzordetan eskatu zuten gaia lantzea. “Itxaroteko eskatu ziguten orduan, laster ordenantza guztia moldatzeko eztabaida gauzatuko zela argudiatuta”. Baina eztabaida hori sei hilabetez atzeratu egin zen, oposizioko taldeak salatu duenez. “Horrek bultzatu gintuen irailean gaiari buruzko mozioa aurkeztera, udal gobernuak proposamen zirriborroa helaraztea eskatzeko”.

“Bi hilabete igaro dira ordutik hona eta iragan batzorde deialdian gobernu taldeak ez du proposamenik txertatu. Gai-ordenatik kanpo soilik aipatu zuten gaia, aldaketak nola aplikatu jakiteko erreferentziarik ez zutela esateko”.  Horren aurrean, Orain Amurriok lau aukera plazaratu zituen. “Erreferentzia asko daude, baina ez dago borondate politikorik”.

Udal-gobernuaren erantzuna
Udal-gobernuak, bere aldetik, aipatu du ez duela proposamen itxirik aurkeztu “taldeen arteko adostasuna” bilatzen dutelako.

Era berean, batzordean gaiaz eztabaidatu zela nabarmendu du Txerra Molinuevok. Zinegotziak aipatu du OHZa ez dela 2012tik igotzen, “eta 2014an zabaldu zen hobariak jasotzeko baremoa”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide