Amurriokoa zara, nolatan amaitu duzu Parisen bizitzen?
Badira jada 6 urte etorri nintzela karrera amaierako proiektua egitera. Hasiera batean 6 hilabetetarako zen, oso gustora aritu nintzen eta proiektua amaitu ondoren praktikak hirian egitea erabaki nuen beste 6 hilabetez. Hori guztia bukatu ondoren, Euskal Herrira bueltatu eta lan bila hastea pentsatu nuen, baina garai hartan ez zegoen lan eskaintza askorik. Hortaz, Parisera lan bila bueltatzea erabaki nuen. Denbora arinegi pasatzen da, jada badira 6 urte hemen bizi naizela... Gauza asko ikasten dira atzerrian, baina beno, herria ez dut sekula ahazten eta ahal dudan guztietan etxera bueltatzen naiz.
Euskal Etxera joatea erabaki nuen behin Parisen epe luzerako arituko nintzela ikusi nuenean. Hasieran dantza taldean nenbilen bakarrik. Orain, ordea,... kultura ekitaldi batzordean nago. Etxe hori nire “ihes-hodia” dela aitortu behar dut.
Pariseko euskal komunitatearen parte izateak harrotasuna sorrarazten dit pertsonalki. Paris oso hiri handia da, kosmopolita eta irekia, baina ez dut zalantzan jartzen gutariko bakoitzaren lan giroan euskaldun bat dagoela dakitela. Gure kultura atzerrian zabaltzea asko gustatzen zaigu Euskal Etxekoei, eta sarritan gure inguruan daudenak euskal kulturan murgiltzen saiatzen gara. Euskarari dagokionez, euskal etxeko bazkideen artean, zaharrek (70-90 urtekoek) zein gazteek hitz egiten dute euskeraz. Horrek esan nahi du tartean dauden belaunaldi batzuk euskera galdu dutela eta orain ikasten ari direla. Gazte zein zaharrak biltzen diren ekitaldietan, euskera sarritan entzuten da. Dena den, momentuz, frantsesa lehen hizkuntza dela onartu behar dut. "Rankinga" honakoa da : Frantsesa, Euskera, Gaztelera, Ingelera.
"Pariseko euskal komunitatearen parte izateak harrotasuna sorrarazten dit pertsonalki"
Zer jarduera edo dinamika egiten dituzue Euskal Etxean?
Berez Pariseko Euskal Etxea 400 bazkide dituen elkarte bat da. Guztiak boluntarioak gara eta dena ahal dugun heinean eta gure denboraren arabera egiten dugu. Hainbat elkarte barnebiltzen ditu etxe honek: dantza, pilota, abesbatza, euskara, errugbi elkarteak, hain zuzen ere. Jarduerei dagokionez, oso ekitaldi ezberdinak antolatzen ditugu: bazkariak, kontzertuak, mezak, mus txapelketak, errugbi partiduen emisioa, euskara ikastaroak, laburbira, korrika, Santo Tomas, Olentzero etab. Beti daukagu zer edo zer prestatzeko edota egiteko.
Euskaraldiaren kanpainan parte hartuko duzue?
Gutariko batzuk Euskal Herriko Euskaraldian parte hartuko dugu. Horrez gain, Sorbonan ere euskarazko klaseak egiten dituen hizkuntzalari talde batek Euskaraldi txiki bat egingo du. Euskal Etxeak ordea, Euskaraldiaren kontzeptua urte guztian zehar zabaltzeko ideia du. Hau da, 11 egunetan ez dugu ekitaldi berezirik egingo. Aldiz, ekintzaren bat egingo denean belarriprest eta ahobizi txapak aterako ditugu.
"Euskaraz ikasten ari diren belaunaldi batzuk daude. 200 bat lagun izango dira. Ahobiziak, ordea, horien erdia dira"
Ahobiziak edo belarriprestak, zer daude gehiago Parisen?
Belarriprest gehiago daude ahobiziak baino. Esan bezala, euskaraz ikasten ari diren belaunaldi batzuk daude. 200 bat lagun izango dira. Ahobiziak, ordea, horien erdia dira. Ahobizien artean normalean euskaraz aritzen gara elkarrekin. Gainera, bakoitzak bere euskalkia dauka eta benetan ederra da nola aritzen garen euskaraz, zaharrak zein gazteak. Zoragarria benetan!
Belarriprestei dagokionez, oso ohitura ona daukate guztiek, beraien lehen hitza beti euskaraz delako: “Egun on”, “ongi”, “huntsa”, “aio”... Ondoren, noizean behin euskal esaldiren bat edota hitzen bat esaten ahalegintzen dira. Euskal Etxean oso barneratuta dugun kontzeptua da azken hori. Hortaz, gure erronka Euskaraldia urte guztiko ekitaldi guztietan egitea izango litzateke. Txapak eta materiala Euskal Herritik ekarriko ditugu plangintza eta kontzeptua azaltzeko. Ondoren, euskarari bultzada sendoa ematea izango da xedea.
Azkenik esatea, euskarari dagokionez hainbat ekitaldi egiten ditugula urtean zehar: Laburbira (euskal film laburren maratoia). Iaz Handia filma proiektatu genuenean sekulako jendetza izan genuen. 2019an Korrika izango dugu (Parisen Martxoaren 23an izango da), Pariseko Herri Urratsa ere hor dago, eta baita bertso zein euskara ikastaldiak ere. Horrez gain, euskara entzuten diren bestelako ekitaldiak mus txapelketak eta Donostiako danborradaren sagardotegi bazkaria dira.