Atzo egin zen Amurrioko azaroko Udal Osoko Bilkura. Bi ordu iraun zuen udalbatzak, eta hainbat gai landu zituzten bertan. Orain Amurriok mozioa aurkeztu zuen, “Euskal Errepublikaren” aldeko konpromisoa aldarrikatzeko.
Monarkia eztabaidagai
Monarkia frankismotik eratorritako sistema dela argudiatu zuen Kepa Gonzalezek. “Euskal Herrian ez zen konstituzioaren aldeko botoa nagusitu, ez zelako erabakitzeko eskubidea barnebiltzen”. Errege eta erreginen sistemak berdintasunaren printzipioarekin talka egiten du, Orain Amurrioko zinegotziaren ustetan; “ez soilik politikoki, baita moralki ere”. Amurrio Guk Bai taldeko zinegotziak bat egin zuen mozioarekin.
Udalek gaiaren gaineko konpetentziarik ez dutela nabarmendu zuen PPk. “Gaia beste toki batean landu beharko litzateke. Horrez gain, ez nago ados monarkia Frankok aukeratu zutenaren baieztapenarekin. Herritarrek bozkatu zuten konstituzioaren alde”, adierazi zuen Montse Canivek.
EH Bilduk nabarmendu zuen Euskal Herrian “gehiengo handi batek” hamarkadak daramatzala “monarkia deuseztatu behar dela” pentsatzen. “Euskal estatu independente baten alde borrokatzen jarraituko dugu”, jakinarazi zuen Iñaki Ibarluzea zinegotziak.
EAJk, bere aldetik, adierazi zuen eztabaidagaiak harreman gutxi zuela Amurrioko egunerokotasunarekin. “Baina errespetatu egiten dugu”, gaineratu zuen Josune Irabien. Monarkia jeltzaleen asmo independentistetatik urrun dagoela nabarmendu zuen alkateak. Gauzak hala, mozioaren alde lerrokatu ziren. PP izan zen aurka bozkatu zuen talde bakarra (PSE-EEko zinegotziak ez zuen udalbatzara gerturatzerik izan).
Pazienteak lotzearen afera
Eztabaidatu zuten bigarren eta azken mozioa Guk Bai taldearena izan zen, ospitale eta bestelako zaintza egoitzetan pazienteak lotzearen inguruan. Horrelako praktikak “pertsonen duintasunaren aurkakoak” direla nabarmendu zuen Beatriz Izaguirre zinegotziak, “Japonian debekatuak daude eta Estatu Batuetan oso kasu bakanetan erabiltzen dira”.
Orain Amurrio eta EH Bildu mozioaren alde lerrokatu ziren. PPk adierazi zuen ados zegoela planteatzen zenarekin, baina mozioan “hainbat gauza nahasten” zirela azpimarratu zuen. “Aurrerapausoak eman behar ditugu, baina prozesu geldoa izango da langileak, oheak eta familiak prestatu beharko direlako”.
EAJk, aldiz, adierazi zuen Eusko Jaurlaritza gaiari buruzko dekretua lantzen ari dela, horrelako praktikak oso une bakanetan erabiltzeko. “Bat gatoz mozioaren helburuekin, baina ez gaude ados hemen planteatzen diren zenbait gauzekin. Mozioak eskatzen du, adibidez, hitzarmenik ez sinatzea horrelako praktikak egiten dituzten erresidentziekin”.
Hori ez da errealista, jeltzaleen aburuz. “Baina Amurrioko Udalaren konpetentzia diren zerbitzuetan ez dira horrelako metodoak erabiltzen”.
Erregu eta galderak
Erregu eta galderen atalean hainbat gai landu zituzten zinegotziek. Guk Baiko zinegotziak galdetu zien udal-gobernuko kideei Tubos Reunidoseko langileekin bildu diren. Josune Irabienek erantzun zuen gaur -azaroak 30- bilduko direla eurekin. “Orain arte zaila izan da hitzordua zehaztea, ordezkariak asko direlako”.
PPk galdetu zuen ea zergatik kendu den fibromialgia eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonentzako autobus zerbitzua. Galdera horren erantzunean luze eta zabal aritu zen Josune Irabien. Alkateak nabarmendu zuen ez dela zerbitzua kendu, “ordutegia da aldatu dena”. Salatu zuenez, hedabide batean agertutako albiste batek sortu du nahasmena, “testuak datu faltsu ugari zituelako”.
Orain Amurriok, bere aldetik, bi Garbitxiki kendu izana salatu zuen. “Foru Aldundiak itxi ditu. Horregatik, gure proposamena izango da udalak bere gain hartzea zerbitzua”. Irabienek erantzun zuen Garbitxikien erabilera desegokia egiten zela eta horregatik egon dela Aldundia gune horiek ixtera behartuta.
Amaitzeko, Bañuetako auzo elkarteari eskainitako hitzarmena ere izan zuten eztabaidagai azken minutuetan.