Amurrioko Udaletxean proiektatuta argi ikuskizun batekin eskertu zuen atzo Eroskik amurrioarrek supermerkatu katearen elkartasun ekimenetan izan duten parte hartze handia. Eli Pinedok aurkeztu zuen ekitaldia eta Kepa Junkerak kontzertua eskaini zuen.
Eroskik urtero Gabonetan abian jartzen duen ekimena da “elkartasun-izarren” salmenta. 2 euroko kostua dute izarrek eta, aurten, ateratako dirua UNICEF erakundeari emango diote, pobrezian bizi diren haurrak laguntzeko.
Amurrioko Eroski saltokia izan zen 2017an izar gehien saldu dituen denda. Horretan bakarrik ez, beste hainbat egitasmotan ere amurrioarrek parte hartze handia dutela gogorarazi dute Amurrioko Eroskiko arduradunek: “elikagai bilketa, poltsa-solidarioa, janaria alferrik ez botatzeko sentsibilizazio kanpainak…”.