Beste isurketa bat gertatu da gaur Nerbioi ibaian, Refor industriagunetik gertu. Antza, putzu septiko batean dagoen arrakala baten ondorioz gertatu da isurketa. Hala jakinarazi diete URA agentzako kideek lekukoei.
Orain Amurrio taldearen oharra
Orain Amurriok oharra zabaldu du gertatutakoa salatzeko. Talde politiko amurrioarreko kideek nabarmendu dute ibaiaren egoera berez nahikoa txarra dela, ez duelako urak arazteko sistema egokirik. “Proiektu horrek 35 urte daramatza argia ikusi gabe, etengabe promesa eta albisteak dauden arren. Horri bestelako isurketa batzuk gehitzen bazaizkio emaitza tamalgarria da, dakartzan ondorioengatik ingurumenean, ekonomian eta jendartean”.
Talde politikoko kideek gogorarazi dute azken urteetan hainbat isurketa egon direla ibai horretan, eta 2017ko irailean jazotakoak milaka arrainen heriotza eragin zuela. Gauzak hala, urak arazteko sistema ahal bezain laster ezartzea eskatu dute.