Igandean Lezamako baserri batean Ezker Abertzaleko familia baten etxeari tiro egin zioten. Sendiko zenbait lagun barruan zeuden, baina ez zen inor zauritu. Salaketa jarri ostean ikerketa abiatu du Ertzaintzak, eta gizon bat identifikatu dute erasoarekin lotura duelakoan. Naiz hedabidearen arabera, polizia nazional ohia da.
Amurrioko alderdi guztien oharra
"Amurrioko Udalak Lezamako Administrazio Batzarrean izandako gertakariak gaitzesten ditu". Hala adierazi dute ohar bateratuan, Udaleko Bozeramaile Batza elkartu eta gero. Amurrioko EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSEk, Alderdi Popularrak eta Guk Baik adostu dute adierazpena. Batetik, familia erasotuari "erabateko laguntza eta elkartasuna" erakutsi diote, "goitik behera" gertakaria gaitzetsita. "Horrelako ekintzak guztiz onartezinak dira gure udalerrian, errespetuan eta bakean oinarritutako giroa bilatzen dugulako. Gure ardura erakutsi nahi dugu horrelako ekintzek eragin ditzaketen indarkeriazko ekintzen eta mezuen aurrean", erantsi dute.
Askatasun publiko edota politikoen esparrutik kanpoko ekintzen erabateko gaitzespena azpimarratu dute oharrean, eta gertakarien ikerketaren arduradunei kasua ebazteko eskatu diete, "egileek beraien erantzukizuna ordain dezaten". Hala, 15 minutuko elkarretaratzea egingo dute 18:00etan Juan Urrutia plazan, gertatutakoa salatzeko.
Udalaren ekimenaren ondotik, bigarren mobilizazio bat dago iragarrita Amurrion, Sortuk deitutakoa. 19:00etan abiatuko da protesta herriko plazatik:
Andoni Ortuzarrek gaur goizean egin ditu adierazpenak Onda Vasca irratian. Familia kaltetuari elkartasuna adierazteaz gain, Sorturi "gaitzespen absolutua" eskatu dio alderdi jeltzaleak. Ortuzarren esanetan, jeltzaleen jarrera goraipatu du:"Hori da ikasi behar dutena Bilduk eta Sortuk; norberari gertatzen zaionean ez da soilik salatu, gaitzetsi eta protestatu behar, gainontzekoei pasatzean baizik". Eraso politikoez mintzatzean, mezu zuzena helarazi dio Arkaitz Rodrigez Sortuko idazkari nagusiari, "borobiltasun berdinarekin hitz egitea alderdi politikoen egoitzak erasotzen direnean, Ertzaintza edo EAJren siglen gainean dianak jartzen direnean, edo gorriz zein horiz Batzokiak margotzen dituztenean".
Arabako EH Bilduk, bere aldetik, sare sozialetan jarri zuen mezua atzo, gertatutakoa salatu eta familiari babesa adierazteko, eta adierazpen instituzional proposamena aurkeztu du Batzar Nagusietan.
Ezker Abertzalearen kontrako eraso politiko gehiago
Asteburukoa, baina, ez da Ezker Abertzaleko kideen kontra eginiko lehenbiziko erasoa izan, Igor Meltxor ikerlari politikoaren arabera:
- 1989 eta 1990 urteen artean poliziaren zenbait eraso salatu zituen Aitor Latorrek, Lali Aramendi iheslari ohiaren semeak: heriotza mehatxuak idazki bidez (1989ko martxoak 20an), etxebizitza mihaketa (1989ko apirilaren 4ean), etxeko kristalen kontrako tiroketa (1989ko apirilaren 18an), aurpegian kolpeak (1989ko apirilaren 28an), aiztoarekin bularra erasotzea (1989ko maiatzaren 5ean) eta kotxe jarraipenak kasu (1990eko irailaren 25ean).
- 1990eko urtarrilaren 13an Herri Batasunako (HB) Pablo Gorostiagak -orduko Laudioko alkateak- bonba pakete baten simulazioa jaso zuen, eta bost aste beranduago, Xabier Perez de Heredia HBko Laudioko zinegotziak ere bai. Aurrez, baina, hirugarren zinegotzi batek GAEk sinatutako mehatxu gutunak jaso zituen, bala batzuk barruan sartuta.
- Horrez gain, 1993ko uztailaren 12an Laudioko Herriko Taberna erasotu zuten, Ezker Abertzaleko zenbait kideri buruzko informazioa lortzeko.
Azken urteetan ere zenbait jazarpen kasu salatu dira, Gazte Mugimenduko kideen artean nagusiki.