Isasi Landa / Azkarraga Biguri familiako senideak igandean gure etxean gertatutakoa kontatu nahi dugu:
Urtarrilaren 6an, igandea, baserrian 7 pertsona geunden momentuan, goizeko 11ak inguruan,baserriko etxebizitzetako batean gure senide 2 sukaldean zeudela, bala tiro batek gure lehioan zuloa egin zuen eta gure artetik pasatuta, hormaren kontra jo zuen, gure biziak arriskuan jarriz.
Ertzaintzak gertaera horren ikerketa abiatu zuen gure lekukotzak jaso eta gero. Guk arratsaldean salaketa jarri genuen Laudioko ertzantzaren komisaldegian; eta gaur, asteartea, salaketa jarri dugu Amurrioko epaitegian. Ertzaintzak pertsona bat identifikatu du, hori baino ez.
Momentuz ez dakigu nor izan den. Baina argi utzi nahi dugu auzunean ez dagoela inongo arazo edo liskar pertsonal edo familiarrik.
Garaiak ez dira onak lasaitasunerako. Inguruan haize hotza dabil, odola izozteko modukoa eta zaunkak entzuten ditugu. Badakigu eskumako politikariei interesatzen zaiela gu beldurrez bizitzea.Gure lehiora tiro egin zuenak jakin dezala gu ez garela hemendik mugituko: ez gure arbasoen etxetik eta ez gure pentsamendu politikotik, hori bazen bere asmoa.
Etxean 3 bandera ditugu: batek dio “Fracking ez!”, gure lurrari diogun atxikimendua adierazi nahian, bestea Saharako ikurra da herri horrekin munduak duen zorra gogortu nahian eta hirugarrenak dio “Euskal Preso Politikoak Euskal Herrira”, gizarte honetako oihu erraldoia dena eta gure etxean zentzu handia duena, izan ere duela 28 urte gure familiako kide bat dispertsio politikak hil baitzuen. Banderok astintzen jarraituko dugu. Ziur. Ez gaude beldurtuta.