Gaur goizean atxilotu du Ertzaintzak 74 urteko polizia nazional ohia, Lezamako baserriari tiro egitea egotzita. Atzo miatu zuten bere etxea.
Eldiario.es hedabidearen arabera, tiroa egiteko erabili zen arma topatu du poliziak. Baimendua ez dagoen arma bat da, atxilotuak bere lanpostuan zuen arma entregatu zuelako erretiratu zenean, eta ehiza eskopeta izateko baimena zuelako soilik.
Ertzaintzak berretsi du susmagarria atzeman duela gaur goizean, baina prentsa bulegoak azaldu du goizez, gutxienez, ez duela informazio gehiago zabalduko. Hortaz, ez dute zehaztu zein den akusazioa, edota epaitegira eraman duten atxilotua.
Erasotutako familiaren adierazpenak
Erasotuek ez dute adierazpenik egin atxiloketari buruz. Horren ordez, bestelako mezua zabaldu nahi izan dute: "Familia gisa eskertu nahi dugu eraso honen aurrean mobilizatu izan den jende guztia, jasotako elkartasun olatua eta animo mezu guztiak".
Igandean izan zen gertakaria, Lezaman. Ezker Abertzaleari lotutako familia baten etxeak tiroa jaso zuen, bi kide bertan zeudelarik. 9 milimetroko bala izan zen eta berehala Ertzaintzan egin zuten salaketa. Sendiak nabarmendu zuen ez zegoela liskarrik auzokideen artean.
Ertzainek gaur atxilotu duten gizonezkoaren etxea miatu zuten atzo. Horrez gain, Amurrioko alderdi guztiek gaitzetsi zuten erasoa eta elkarretaratzea deitu zuten asteartean. Horren ostean ere Sortuk mobilizazioa egin zuen herrian.
Erasoa jasan duen familiak agerraldia deitu zuen asteartean eta adierazi zuen ez zirela etxetik joango. Aldi berean, aldarrikatu zuten ez diotela euren ideiei uko egingo.