Bea Izagirre Amurrio Guk Bai zerrenda independenteko udal ordezkariak argitu du bere taldearen asmoa dela euren kabuz parte hartzea hurrengo hauteskundetan.
Azalpen horrekin baztertu nahi izan du edozein aukera Podemos alderdiarekin bat egiteko: "Amurrioko talde independentea gara eta ezaugarri hori mantenduko dugu, ez dugu nahi gainean inolako egiturarik izatea. Izan ere, ideia ezberdineko kideok osatzen dugu proiektua".
Zinegotzia bera jarri da harremanetan Aiaraldea.eus hedabidearekin. Izan ere, Izagirreren hitzetan: "jende askok deitu gaitu azken egunetan galdetzeko Podemosekin zerrenda bakarra sortuko dugun".
Gauzak horrela, aukera horri uko egin dio Amurrio Guk Baik. Zinegotziak aitortu du hori amurrioarren jarrera dela eta eskualdeko gainerako ekimen independenteek bestelako erabakia hartu dezaketela.
Antza, Lander Martinez Podemos alderdiko bozeramaileak egindako adierazpenek eragin dituzte zalantzak eskualdean.