San Anton eguna ospatuko dute bihar Amurrion eta Baranbion. Bi herrietan egongo dira adin guztientzako ekintzak.
Amurrion 9:00etan hasiko da festa, kanpai errepikekin. 10:00etan zabalduko dute azoka, baserritar eta artisauen produktuekin. Eguerdian pilatuko dira, ordea, ekintza gehienak. 12:00etan Otxote Ugarte taldearen emanaldia egongo da, eta 12:30ean txerriki eta baserriko produktuen ohiko enkantea. Antolatzaileek adierazi dutenez, goizean zehar San Antonen lagunek salda eta txakolina eskainiko dituzte txosnan, eta Tabarra fanfarrea arduratuko da giroa berotzeaz.
Baranbion, gaur
Baranbion, berriz, gaur izango da jaia. 18:00etan hasiko da umeen igel txapelketa, eta 19:00etan helduena. 20:00etan, aldiz, herri afaria egingo dute, 21:00etan poxpolu enkantea eta 23:00etan erromeria.