"Galderren espetxeratzea ez da kasualitatea izan, herriarekiko konpromisoagatik kolpatzen jarraitzen dute"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ots. 9a, 13:29

Ehunka lagunek salatu dute Galder Barbado Bonillaren espetxeratzea. Soto del Realeko kartzelara bidali du Espainiako Entzutegi Nazionalak Aitor Zelaia gasteiztarrarekin batera. 

Galder Barbado Bonilla eta Aitor Zelaiaren kartzelaratzea salatzeko manifestazioa egin dute iluntzean Amurrion, Sortuk deituta. Mobilizazioaren amaieran adierazi dutenez, Soto del Realeko espetxean daude bi gazteak. "Abokatuek eurekin egoteko aukera izan dute eta ondo eta lasai daudela esan diete", aipatu dute gazte amurrioarraren gertukoek. 

Ekitaldian Amurrio jomugatzat dutela salatu dute: "Urtarrila hasieran Amurrioko familia abertzale baten etxearen kontra ustez tiro egin zuen polizia ohia kargurik gabe kalean dabilen bitartean, argudio ezin ahul eta lausoagoak erabiliz atxilotu ditu Ertzaintzak Galder eta Aitor. Polizia ohiak Amurrioko epaitegian deklaratu zuen bitartean, bi gazteak salbuespeneko Auzitegi Nazionalera eraman dituzte".

Mobilizazioan azpimarratu dutenez, "Galderren espetxeratzea ez da kasualitatea izan, bere herriarekiko duen konpromisoagatik kolpatzen jarraitzen dute". 15 urte zituenetik poliziaren jazarpena pairatu du Amurrioko gazteak. Sortuko kideen ustetan, oraindik "iraganari eta gatazkari" lotuta jarraitzea nahi duten aktore politiko garrantzitsuak daude, "testuinguru soziopolitiko berrira egokitzeko batere interesik ez dutenak. Herri honek eraiki nahi duen bake eta bizikidetzaren aurkako norabidean doaz espetxeratze hauek. Ekintza hauekin kikilduko gaituztela uste badute, ez dute lortuko". Zentzu horretan, onartezintzat jo dute egoerari bizkar ematea, "lotsagarria eta gaitzesgarria" dela iritzita.   

Bihar herrialdeko manifestazioa deitu du Arabako Sortuk Gasteizen, 18:30ean Correos plazatik abiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide