Zer dira kintoak zuentzat?
Eneko: Tradizio bat da guretzat. Urte hasieratik genekien aurten gure txanda zela. Azaroan hasi ginen lehen bileran egiten eta abenduan heldu genien entseguei.
Saioa: Eta emozio askorekin.
Zergatik?
Saioa: Tradizio bat delako, betidanik egin dena, eta uste dugu esperientzia polita dela.
Nola bizi izan dituzue kintoak orain arte?
Eneko: Txikiak ginenean kintoak etortzen ziren eskolara eta emozio handiz bizi genuen une hori, koadrilan etortzen zirelako eta pegatinak ematen zizkigutelako.
Saioa: Gure gurasoak ere kintoak izan dira, eta polita da hori bizitzea.
Zenbat pertsona zaudete zuen kintan? Nola antolatzen ari zarete ekintzak aurrera eramateko?
Eneko: Aurten 100 kinto gara. Entseguak astero egiten ditugu, ostiral edo larunbatetan. Otsailaren 15ean egingo dugu festa eta talde bakoitzak non abestuko duen ere antolatzen gabiltza.
Zer moduz entseguak?
Saioa: Beno... (barreak). Jende gutxi bertaratu da, jende gehiago joango zela uste genuen. Baina ondo atera dira.
Eneko: Bai. Pixkanaka-pixkanaka jende gehiago animatu da, azken txanpan batez ere.
Etxez etxe abesten joateak helburu bikoitza du, ezta?
Eneko: Bai. Alde batetik, gure helburua da dirua biltzea gero egiten dugun festa finantzatu ahal izateko.
Saioa: Baina nik uste dut biztanleek gogoko dutela kintoak etxeetara gerturatu eta abestea.
Eneko: Bai, ilusioz hartzen dute eguna.
Zer prestatu duzue otsailaren 15ean egingo duzuen jairako?
Saioa: Elektrotxaranga bat egongo da lehenbizi, 20:00etatik 23:00etara. Erromeria egongo da gero, 1:30etara arte luzatuko dena, eta amaitzeko DJa egongo da.
Iragan astelehenean kantuan aritu zineten hainbat tokitatik. Nondik zehazki?
Eneko: Urtero egiten den ibilbide bera egin genuen. Zazpi taldetan banatu ginen, zonaldeka aritzeko.
Zerbitzu militarrera joaten ziren gazteen agur moduko bat ziren Kintoak. Gaur egun, zertan datza festak zuen ustez?
Eneko: Gutako inork ez du zerbitzu militarraren garaia ezagutu. Horregatik, guretzako beti izan da 18 urte betetzearekin lotutako jai bat.
Saioa: Gainera, gure adineko guztiak biltzen garen une bakarra da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!