Lehen eskualdeko beste tokitan ohikoa bazen ere, gaur egun bakarrik Amurrio eta Urduñan mantentzen da kintoen tradizioa Agate Deunaren Bezperan. Urte berean 18 urte betetzen dituztenak etxez etxe eta kalez kale joaten dira taldeka kantatzen, makila eta guzti. Nondik dator tradizio hori?
Ba soldaduzkarekin dago lotuta kintoen kontua. Derrigorrezko soldaduzka egin behar zutenak ziren kantatzera ateratzen zirenak, lehen 21 urterekin eta orain 18 urte betetzen den urtean. Soldaduzka indargabetu ostean, emakumeak kintoekin kantatzen hasi ziren. Amurrion, 1999 izan zen otsailaren 4an talde mixtoak egin zituzten lehenengo urtea. Beraz, aurten 20 urte betetzen dira neskak kintoen festan parte hartzen hasi zirenetik mutilen parean, urte batzuk berbena egunean bakarrik abestu ostean.
Baina, zergatik kintoak? Zer esan nahi du izen horrek? Antzina, urte bakoitzean jaiotako bostetatik bat bakarrik joaten zen soldaduzka egitera eta horregatik “kintoak” ziren.
Dena den, ez dakigu noiz eta zergatik ekin zioten kintoek Agate Deunaren Bezperan kantatzeari. 1878an ezarri zuten derrigorrezko soldaduzka, baina festa honen inguruan ez daukagu datu zehatzik.
Egun horretan kalez kale kantatzea ohikoa izan da Euskal Herri osoan eta herri askotan oraindik koadrila batzuk ateratzen dira. Aztarna aldizkariaren lehenengo alean irakurri dugu Amurrion hiruzpalau koadrillak ateratzen zirela egun horretan, kintoak barne, 1913an haien artean hilketa bat gertatu zen arte. Honen ostean, Ladislao Guerra alkateak kintoei bakarrik baimendu zien ateratzea.
Baina dokumentuak ez datozte bat bertsio honekin. Krimena 1910eko otsailaren 6an gertatu zen, Igande-Iñaute zela. Urteko kintoak Agate Deunaren gauean jasotako elikagaiak jateko elkartu ziren “El Patrón” tabernan. Abesten eta dantzan ibili ziren gero herriko beste mutikoekin. Liskarren bat sortu zen haien artean, lokalaren kanpoan jarraitu zena. Patroiaren semeak, Segundo Ramón Landazuri, kintoa hain zuzen, labankadaka hasi zen agresio baten ostean. 19 urteko Juan Elorza Ugarte hil zuen arren, aske geratu zen epaiketan Landazuri.
Lehen, mutikoek elikagaiak eskatzen zituzten etxez etxe afari oparoa ospatzeko soldaduzkara joan baino lehen. Gaur, neska-mutilek dirua jasotzen dute batez ere, beraientzat afari bat ez ezik guztiok goza dezakegun jaia antolatzeko. Bai, gauzak izugarri aldatu dira, baina, azken finean, tradizioek ezinbesteko aldaketak izan behar dituzte bizirik mantendu nahi baditugu.