Errefuxiatuen aldeko arropa bilketa jarriko du abian Amurrio Aisia Eskaut taldeak. “Laguntza elkartearekin jarri ginen harremanetan ikasturte hasieran eta arroparen beharra zutela esan zigutenean, lanari ekin genion”, azaldu dute taldeko kideek. Hainbat bilketa gune atondu dituzte: Herriko Carrefour, DIA eta Berriak supermerkatuetan; Kultur etxean eta Lucas Rey ikastetxean. Datorren astelehenean -martxoak 18- hasiko dute bilketa, eta 31ra arte luzatuko da.
Herritar orori luzatu diote ekimenean parte hartzeko gonbita. “Edozein motatako arropa hartuko dugu, zikin, apurtuta edota urratuta ez badago”.
Honakoa ez da izango eskaut taldekoek errefuxiatuen alde egingo duten lehen ekimena. Iaz Grezian egon ziren, errefuxiatuen kanpalekuetan.