Espetxe lekualdaketak egon dira azken egunetan. Senideek Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, Darocara (Zaragoza) leku aldatu dute Galder Barbado Bonilla gaztea. "Soto del Realetik Valdemorora eraman dute lehenbizi, eta Darocara dago jada, Aitorrekin batera", jakinarazi dute. Aitor Zelaiarekin batera atxilotu zuten Barbado otsailaren hasieran. Orain arte isolamenduan egon dira, baina dagoeneko egoera horretatik aparte daude.
Ildo beretik, gaur zabaldu dute beste hiru presoren gerturatzea. Horien artean dago Idoia Martinez, orain arte A Laman (Pontevedra) egon da preso. Alabaina, Asturiaseko Billabona kartzelara aldatu dute. Dena den, dispertsioa jasaten jarraituko dute: Barbadoren senideek gaztea bisitatzeko 732 kilometro egin beharko dituzte, eta Martinezen gertukoek 630.