Lehenik eta behin eskerrik asko sari hau emateagatik, ohore bat da guretzat, hain berezia den urte honetan gainera, egiten dugun lanaren aitortza jasotzea.
Esker onenak ere dantza taldearen parte izan zareten eta zareten guztiei. Zelan ez, eskerrak 1984an taldea sortu zenutenei. 1983an, dantza lagunaken eta larrinbeko dantza taldearen falta zela medio, herriko talde bat sortzearen beharra ikusi zen, eta garaian alkate zen Angel Sasiain eta guraso talde baten laguntzaz sortu zen aiara dantza taldea. Ondoren etorri ziren Isabel Sanchez eta Edorta Yaldebere, irakasleak bizkaiko dantza elkartetik.
Eskerrak zelan ez, hauen ondoren urte luzez taldearen ardura hartu zenutenei eta baita irakasle lanetan ibili zaretenoi. Sorreratik urte batzuetara, zuzendaritza dantzari talde batek hartu zuen, eta gurasoen laguntza oso garrantzitsua izan zen.
Taldeko jantzi eta material gehiena lehengo gurasoek haien eskuz josi edo egina da. Gaur egun beste era batekoa da gurasoen bolondretza lana, gehien bat guk antolatzen ditugun jai eta ekitaldietan laguntzen baituzue. Beraz, eskerrak lehengo eta gaurko gurasoei. Ikusten duzuenez garrantzia handikoak zarete taldean, eta beraz, eskatu einean zuen laguntza ere hor egongo dela espero dugu.
Eskerrak taldeko musikari izan zareten guztiei ere, lan makala zuena. Askotan berandu abisatu dizuegu, baina zuek beti heldu zarete garaiz!
Eskerrak ere udalari, gugan sinisteagatik. Badakigu batzutan susto haundia hartzen duzuela dantzaldietako aurrekontuak aurkezten ditugunean, baina ez dugu inoiz ezetzik jaso, eta behin hauek eginda, jarraian etorri zarete egindako lana goraipatu eta eskertzera. Orain ere gimnasioko lurraren egoerarekin burrukan gabiltza, dakizuenez oso txarto dago, baina sinesten dugu hau ere ahal bezain pronto konponduko duzuela.
Eta zelan ez, hau ez litzateke posible izango ikusle gabe. Eskerrik asko dantzaldi haundienetan eta baita txikienetan guri begira zaudetenei. Egutegian argazki bat dago ihazko Amurrioko jaietakoa, eta hau sorpresa itzela ikusleak zenbatu eta 900 bat zaudetela ikusi dugunean!
Ikusten duzuenez bolondretza haundia dago taldearen ibilbidearen atzean, gaur egun ere hemen ikusten gaituzuenak gaude taldea aurrera eramaten. Duela 8 urte kolpean etorri zitzaigun taldearen zuzendaritza, ni zaharrena nintzen 21 urterekin, eta gazteenak 14 urte zituen! Baina gogo eta lan haundiz taldea aurrera ateratzea lortu dugu. Atzo ere bilera izan genuen ensaioaren ondoren, 9etatik goizaldeko ordubata harte luzatu ginen! Bilera hauetan ikusten da ere, taldekidez gain kuadrila ere bihurtu garela. Gainera, orain gaztetxu talde bat ere hasi zaigu klaseekin laguntzen. Eskerrik asko neskak! Etorkizuna zuena izango da!
Eta orain bai. Zer litzateke dantza dantzaririk gabe? Eskerrak txiki txikitatik hasitakoei, eta baita heldutasunean dantzara hurbildu zareten dantzari berri horiei, taldearen adin-media igotzea lortu dugu!
Badakizue berez hizlari baino dantzari hobeak garela. Eszenatoki gainean 6 besterik ez gaude, baina Aiara dantza taldea hau baino gehiago da, beraz, gerturatu daitezela dantzara!
Eta gogoratu: dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!