Sutea gertatu da gaur goizean Tubos Reunidos enpresan, 8:30ak aldera. Behargin guztiak kanpora atera dira eta ez dago zauriturik, fabrikako iturrien arabera. Suhiltzaileak bertaratu dira egoera bideratzeko eta sua itzaltzea lortu dute. Oraindik ez dakite zerk eragin duen sua, ez eta zenbat kalte material egon diren ere.
Sute historial luzea
Sute segida luzea pairatu du Tubos Reunidosek. 2016ko urtarrilean hiru sute egon ziren fabrikan, eta galera ekonomiko handiak eragin zituzten. Urtebete beranduago (2017ko urtarrilean) kamioi batek su hartu zuen lantegiaren sarreran. Azken ezbeharra iragan abenduan jazo zen: olio isuri baten ondorioz piztu zen sua, baina ez zen kalterik ezta zauriturik egon.
