Apirilak 28ko hauteskundeetako ekitaldia egin du EH Bilduk iluntzean Amurrion. Maddi Isasi Azkarraga Kongresurako hautagaiak gazteak eta feminismoa izan ditu ahotan: "Ilegalizazioak, inposaketa, inboluzioa... dira tripartitoaren eskaintza. Ez duzue nahi duzuena egingo gure gorputz eta herriarekin. EH Bilduren proiektuak Euskal Herri askea, justua eta demokratikoa du helburu. Instituzioak herritarren zerbitzura jartzera eta emakumeon bizitzak erdigunean jartzera gatoz". EH Bildurena patriarkatuaren eta faxismoaren aurkako bozka dela nabarmendu du Isasik.
Garazi Dorronsoro Garate senaturako Arabako zerrendaburuak hartu du hitza segidan. Egoera politikoa izan du hizpide, errepresioa, batik bat: "Justiziaren bi aurpegiei aurre egiteko garaia da. EH Bilduk ez badu egiten, inork ez du altxatuko ahotsa. Onartezina da euskal gazteria atxilotzeko zilegitasuna duen estatu bat egotea". Amurrioko zein Euskal Herriko kasuak jarri ditu adibidetzat: Altsasuko gazteak, errotulki batekin margoketa bat egiteagatik espetxeratutako Julenen kasua, edota gazte independentista izateagatik kartzelaratutakoena. "Araban laugarren diputatua dago jokoan, Espainiar eskuinaren eta EH Bilduren artean. Euskal gizartea defendatzeko eta babesteko bozka eskatzen dugu", adierazi du.
Iñaki Ruiz de Pinedo kongresurako hautagaiak, aldiz, PPren politika kritikatu du, gezurretan aritzea leporatuta: "Marotok ordezkatzen du eskuina. Horrelako jendearekin arrisku larrian gaude, euren gezurrak sinisten dituzte. Eskuin hirukoitzak uste du gezurrak errepikatuta sinesgarriak izango direla, baina Araba ez da lehen zena, horregatik dago urduri PP".
Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak independentzia aldarrikatu du, "hezkuntza erabakitzeko, hizkuntza bermatzeko, Mozal Legerik ez izateko, jendarte duina eta feminismoa eraikitzeko...". Marotori ere luzatu dio mezua, bizkarreratutako biolentzien harira: "EH Bildu bake eta elkarbizitzaren alde sortutako alderdia da. Gu gara herri honetan bake prozesua aurrera eramateko goiz eta gau lan egin dugun bakarrak, guk soilik salatu ditugu biolentzia guztiak, guk baino ez dugu eskatu biktima guztien justizia eta egia". Ezkerreko subiranistekin batera gehiengo demokratikoa lortzea izango du helburu koalizioak aurrerantzean ere, Iriarteren esanetan. "Gu abstenitzekotan beste batzuk joango dira Madrilera. Araban gauza bat dago argi, aukeratu behar da: Iñaki edo Maroto; EH Bildu edo PP. Gurea ez da handitasuna eta harrotasuna, askatasuna baizik".