Elkarretaratzea egin dute Valvospain-Ituarteko langileek gaur eguerdian Amurrioko Udaletxearen aurrean, lantegiko egoera salatzeko. Ez da egiten duten lehen mobilizazioa, apirilaren 12an antzeko ekimen bat egin baitzuten toki berean. “Ordutik hona egoera ez da asko aldatu”, azaldu dute enpresa batzordeko ordezkariek, “zuzendaritzak bilera batera deitu gaitu datorren asteartean, lantegiaren egoera ekonomikoaren eta dituen asmoen inguruan mintzatzeko”.
Soldata atzerapenak
Era berean, soldata atzerapenekin jarraitzen dutela nabarmendu dute beharginek. “Gaur jaso dugu martxoko soldata, baina apirilekoa oraindik ez digute eman eta horrek egoera estuak sortzen ditu familietan”, salatu dute.
Alkatearekin bilera
Mobilizazioaren ostean bilera egin dute Josune Irabien alkatearekin eta Txerra Molinuevo zinegotziarekin, udal gobernuko kideek eskatuta. “Egoeraren berri jaso nahi zuten. Lanpostuen egoerarekiko kezka azaldu dute bileran”.