Iragan astean onartutako udal aurrekontuen inguruan prentsa oharra plazaratu du Orain Amurriok. Oposizioko talde politikoak salatu du aurrekontu horiek “kontinuistak eta austeritatearen aldekoak” direla, ez diotelako, besteak beste, “lanaren gaiari behar den bezala heltzen ezta prekarietatearenari ere”. “Zerbitzu publikoak pribatizatzen” dituela ere kritikatu dute. Era berean, “eskastzat” hartu dituzte berdintasun eta euskara teknikariak izateko egingo diren jardun erdiko kontratatzioak.
Inbertsioei dagokionez, Orain Amurrioko ordezkariek nabarmendu dute ados daudela aurrekontuetan planteatzen diren inbertsioetako askorekin, baina ez daude futbol zelai berria eraikitzearen alde. “Inbertsio eza nabaria da bai lan talde zein tresneriaren egokitzapenean eta bai udal biltegian, horrek ekar ditzakeen lan arriskuekin. Ez dira laguntza sozialerako neurri berriak hartzen eta ez da hutsik dauden etxeen politikan esku hartzen”.
EAJren botoekin soilik
Horrez gain, opozisioko taldeak azpimarratu du aurrekontuak EAJren aldeko botoekin soilik atera zirela aurrera. “PSOE, legealdi guztian zehar aurrekontuak babestu dituena, abstenitu egin zen, berak aurkeztutako emendakin guztiak oposizioak atzera bota zizkiolako”, azaldu dute. EH Bilduren jarrera ere kritikatu dute, , koalizioa abstenitu egin baitzen bozketan -nahiz eta hasieran osoko emendakina aurkeztu-, EAJrekin akordio bat erdietsi zuelako.
Orain Amurrioren arabera, aurrekontuetan egondako aldaketek ez dute EH Bilduren abstentzioa justifikatzeko balio. Gauzak hala, talde independenteko kideek gogorarazi dute ez dutela “pertsonak ardatz ez dituen”, udal zerbitzuen “pribatizazioa bermatzen duen” eta “austeritatearen ildotik doan” aurrekonturik babestuko.