Enplegua Erregulatzeko Espedientea urriaren 1era arte atzeratzea proposatu du Valvospain-Ituarteko zuzendaritzak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko eka. 17a, 17:56

Eusko Legebiltzarraren aurrean bildu ziren langileak iragan ostiralean.

Langileak proposamena aztertzen ari dira, baina ziurtatu dute ez dituztela mobilizazioak albo batera utziko.

Ekainaren 13an -osteguna- bildu ziren Valvospain-Ituarteko langileak enpresako zuzendaritzarekin eta hartzekodunen lehiaketako administratzailearekin. “Biek eskatu ziguten greba alde batera uztea eta Enplegua Erregulatzeko Espedientea urriaren 1era arte atzeratzea eskaini ziguten trukean”, azaldu dute beharginek, “idatzizko proposamen bat pasatu ziguten, orain aztertzen ari garena”.

Enpresa Komiteko kideek uste dute zuzendaritzak bere proposamena moldatzera derrigortua ikusi duela bere burua, greba eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki zutelako. “Helarazitako proposamena ondo aztertuko dugu eta zer bide hartu erabakiko dugu, baina ez ditugu besoak jaitsiko eta gure aldarriekin aurrera jarraituko dugu”.

Ordezkari politikoekin bilerak
Arabako hiriburura eginiko bidaia baliatu zuten beharginek EH Bilduko Eva Blanco eta Iker Casanova parlamentariekin biltzeko. “Horrez gain, premiazko bilera eskatu dugu Eusko Jaurlaritzako industria garapenerako zuzendariarekin. Amurrioko alkatea den Josune Irabienek ere eskatu digu berarekin bilera egitea”.

Gauzak hala, euren lanpostuen eta soldaten alde eta enplegu espedientearen aurka borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute langileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide